Arriaga Antzokiak ekainaren 17an irekiko dizkio ateak, Joaquin Achucarro piano jole ospetsuaren kontzertu batekin. Emanaldi honekin batera, orotara 19 ikuskizunez osatutako programazio berria egongo da indarrean uztailaren 23ra arte.

“Alderdi politiko guztiek sinatu duten programa horren helburua, covid-19aren ondoriozko osasun krisialdiak izan dituen eraginak arintzera bideratutako neurriak bultzatzea da, baita kulturaren alorrean ere”, azaldu dute Bilboko Udaletik.

#BilbaoUda2020 udal ekimenaren barruan egongo den horretan, Arriaga Antzokia abaguneetara egokituko da. Hartara, Arriagara doazen pertsona guztien segurtasuna bermatzeko (ikus-entzuleak, artistak eta langileak), higiene neurrien protokoloa prestatu da. Horrekin batera, edukiera murriztuko da, eta asko jota, aurretik esleitutako eta antzokian zehar banatuko diren 246 besaulkik jarriko dira salgai, bertaratzen direnek distantzia fisikoa gordetzeko arazorik ez izateko. Dena den, kopuru hori denboraren poderioz aldatu ahal izango da, gertakarien eta osasuneko agintarien aholkuen arabera.

Achucarroren emanaldiaz gainera, tokiko talentuaren aldeko apustua nabarmena da programa berrian. Esaterako, Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, hainbat euskaldunen ikuskizunak zuzenduko ditu: Asier Polo biolontxelo jole bikainak Bach interpretatuz emango duen kontzertua (uztailaren 2an) eta Jone Martínez sopranoak eta Maite Maruri mezzoak, Passamezzo Antico ensamble barrokoarekin batera Vivaldi interpretatuz eskainiko dutena (uztailaren 8an).

Halaber, Lucia Lacarra eta Matthew Goldingek, Reencuentro en danza oroimeneko emanaldia eskainiko dute, Tchaikovski edo Vivaldiren musika Petipa edo Edwaard Liangren koreografiekin uztartuko dituen programan zenbait pieza integratuz. Ikuskizun guztietarako sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai.