BILBO. Gaur, hilak 4, Etxepare Euskal Institutuak kulturaren munduari laguntzeko lau dirulaguntza deialdi ireki ditu. Guztira, 525.000 euro bideratuko dira bihartik aurrera eskatu ahal izango diren lau laguntza horietara. Lau laguntza horiek literatura itzulpenak egiteko, euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzeko, zinema eta literaturako bidaia poltsetarako eta arte azoketan parte hartzeko izango dira.

Literaturaren itzulpengintzarako 39.000 euroko zuzkidura banatuko da aurten. Kopuru honen bidez bi itzulpen jarduera lagunduko dira: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lanak edozein hizkuntzatara itzultzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea. Halaber, aurten lehen aldiz, itzulpengintzarekin lotutako beste deialdi bat ere zabaldu du Etxepare Euskal Institutuak, honakoa bere webgunean: atzerrian sustatzeko aproposak izan daitezkeen euskarazko literatura lanen laginak proposatzeko deialdia, aipatutako lagin horiek atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen.

Itzulpengintzakoa bezala, uztailaren 5ean itxiko da ere euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko bestelako jarduerak burutzeko diru-laguntza deialdian izena emateko epea. Deialdi honen helburua da profesionalak ez diren nazioarteko kultur jarduerak sustatzea; Etxepare Euskal Institutuaren ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten jarduerak, alegia.

Beste bi diru-laguntza deialdi ere zabalik dira. Alde batetik, zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileentzako (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzendariak, aktoreak, gidoigileak, ekoizleak, etab.) bidaia poltsen deialdia, nazioartean hitzaldi, topaketa edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea helburu duena. Bestetik, nazioarteko arte azoketan parte hartzeko diru-laguntza deialdia. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden arte galeriek nazioarteko azoketan standak aloka ditzaten ahalbidetzea du helburu dirulaguntza honek.

Horrez gain, hurrengo astean irekiko dira antzerki, dantza eta musika biretarako, kontzertu berezietarako eta arte plastiko eta ikusizkoetako sortzaile profesionalen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzen deialdia eta izen-emate epea.

Diru-laguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.

Pertsona juridikoak behartuta egongo dira eskabidea modu elektronikoan egitera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Pertsona fisikoek, aldiz, eskabidea aurrez aurre egiteko aukera ere izango dute. Deialdi bakoitzaren xehetasunak www.etxepare.eus webguneko "Deialdiak" atalean edota Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki daitezke.