Bi gabezia nagusi sumatzen zituzten Booktegi liburutegi digitaleko sustatzaileek ataria plazaratu zutenean: lehena, euskal literaturari buruzko liburu elektroniko oso gutxi zegoela, eta bigarrena, diru-arrazoiengatik idatzitako euskal-lan asko ez zirela argitaratzen, eta beste asko apalategietan ahaztuta gelditzen zirela. Hori dena ulergarria zela iritzita, Booktegi atari digitala jarri zuten martxan duela hiru urte, euskaraz argitaratutakoak, argitaratu gabeak eta euskal literaturari lotutako bestelako burutazioak bertan biltzeko. Ordutik, 280.000 bisita eta 155.000 deskarga baino gehiago izan ditu atariak.

Liburuak ez ezik, Booktegiko apalategi birtualetan, audio-liburuak, solasaldiak, elkarrizketak eta bestelako eduki batzuk daude eskuragai, denak doan deskargatzeko prest. "Badaude paperean inoiz argitaratu ez diren lanak ere. Esaterako, Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua. Maisulana da eta Booktegin baino ez dago", azaldu du Aritz Branton egitasmoaren sustatzaile nagusiak. Egun, berrehun liburu, ehun audio eta 30 bideo baino gehiago ditu plataformak, txukun-txukun antolatuta.

Idazle sonatuek bakarrik ez, ezezagunek ere atarian euren tokia dutela gogoratu du Brantonek: "Bere leloak dioen bezala, Guztion liburuak, guztiontzat, Booktegi proiektu anitza eta zabala da. Egileen artean badaude ezagunak eta oso ezagunak, baina neurri berean ageri dira ezezagunak. Ez dugu argitaletxeekin lehia egiteko asmorik, euskal sortzaileak ezagutarazteko laguntza eman eta jendea euskaraz irakurtzera eta idaztera animatu nahi dugu". Liburuak dohainik deskarga daitezke, baita lagunei gomendatu ere. Era berean, idazleek dohainik plazara ditzakete idatzitakoak, euren baldintzak betez gero. "Onena, gurekin harremanetan jartzea", gogoratu du Brantonek.

Gehienak, digitalean Booktegiko beste bereizgarrietako bat lan gehienak digitalean bakarrik aurki daitezkeela da. "Atarian ditugun 200 liburuetatik gutxi batzuk baino ez daude paperezko bertsioan eskuragarri. Beraz, lan berriak ezagutzeko parada ederra dugu. Sortzaile bikain asko dago bere lana argitaratzeko modurik ikusten ez duena, baina sortutakoak gizarteratzea merezi duena. Kalitateak ez luke hedapen-mugarik eduki behar, eta horiek ezabatzen saiatzen gara".

Atariaren kontsumitzaile eta literaturazaleekin eduki berritzaileak eta originalak konpartitzen ere ahalegintzen dira Booktegin. Horietako bat da Elkarrizkatea atala, non idazle batek beste idazle bat elkarrizketatzen duen, eta elkarrizketatua izan denak beste bat elkarrizketatzen duen, katea eten gabe. "Idazle zein irakurleentzat interesgarriak eta aberatsak diren edukiak bilatzen ditugu. Testua audio-liburua bihurtzen ere ahalegina egiten ari dira, "belarrietatik ere ederki gozatu baitaiteke literaturaz". Literatura "birpentsatzeko" tokia dela ere dio Brantonek, "literatura bizirik badago, eta behin eduki bat argitaratuta, gauza asko egin daitezke harekin. Berreskuratu, itxura berria eman, transformatu€".

Zenbait liburu zahar ere berreskuratu dituzte, Anjel Lertxundiren lehen ipuin liburua, adibidez: "60ko hamarkadaren amaieran argitaratu zen lehenengoz eta egun agortuta dago, jakina. Inazio Mujikak egindako hitzaurrearekin berreskuratu dugu guk", azaldu du Booktegiko sustatzaileak.

Etorkizunera begira, txikientzako atal berezia sortzea dute helburu, Eguzki lore izenekoa: "Oraindik irakurtzen ez dakitenentzat eta euren familientzat zuzenduta egongo da. Liburuak ilustrazioekin, audioekin eta bideokin uztartuko ditugu, eta familiartean gozatzekoak izango dira, batzuk irakurri eta beste batzuk entzuteko, edo elkarrekin ikusteko".

Sormenean murgiltzeko asmoa ere azaldu dute: "Lau idazleri proposatu diegu ipuinak idazteko, enkarguz, eta Iban Zalduak hausnarketa egingo du ipuingintzaz. Booktegin soilik egongo dira irakurgai", aurreratu du Brantonek.

Konfinamenduan, deskargek gora

Osasun krisi egoerak Booktegin eduki duen eraginaz galdetuta, Brantonek kontatu du "izugarri hazi" dela deskarga kopurua. Azaldu duenez, apirilean bakarrik 14.000 deskarga izan dituzte, eta alarma-egoera hasi aurretik 2.000 deskarga edukitzen zituzten hilean, bataz beste.

Hiru irakurketa gomendio konfinamendurako

Datozen egunetarako hiru gomendio utzi nahi dizkie Aritz Brantonek Ortzadarreko irakurleei. Lehena, Katixa Agirreren Festa gonbidatuak: "Atarian dugun ipuin-bilduma horretako bi ez daude beste inon eskuragarri, eta oso ederrak dira denak. Gainera, irakurri bakarrik ez, entzun ere egin daitezke". Bigarrena, Zuhaitzak landatzen zituen gizona eleberri labur famatua, baina Iñigo Aranbarri euskal idazleak kontatua, audio-grabaketetan. Eta azkena, Basatiaren mintzoa: "Alde batetik, Maite Arrese ipuin kontalariak moldatutako narrazioak aurkituko dituzte eta bestetik, Olatz Landaren pinturak, ilustrazio literalak izan gabe, ipuin bakoitzean inspiratuta daudenak. Ederra".