BILBO. Bilboko Udal Musika Banda eta bere zuzendari titularra, J. Rafael Pascual-Vilaplana, Juan Crisóstomo de Arriagako Kontserbatorioko auditoriumera lekualdatuko dira ostiral honetan "Hurbilketa Euskal Herrira: lurralde bateko soinuak, ekosistema baten sentsazioak" izeneko kontzertua eskaintzeko. Ikuskizuna arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta sarrera librea izango da leku kopurua bete arte.

Otsaileko lehen kontzertu honetan, Bilboko Musika Banda osatzen duten 45 musikari baino gehiagok hurrengo obrak interpretatuko dituzte aretora bertaratzen den publikoari: José Franco Ribateren "Lau urtearoak", Alexander Arutiunianen "Concerto for tuba and orchestra" eta De Santiagoren "Escenas Vascas" eta "Tríptico Vasco".

Azpimarratu beharra dago, kontzertuak Alfonso Viñas tuba bakarlariaren eta Bilboko J.C. de Arriaga Musika Kontserbatorioko ikasle batzuen parte hartze berezia izango duela.

Emanaldi honen ondoren, Musika Banda Euskalduna Jauregiko Auditoriora bueltatuko da datorren otsailaren 16an, igandea, "Ospakizunak" kontzertua eskaintzeko. Oraingo honetan, bandak taldeko bi bakarlariren laguntza izango du, David Abellán bonbardinoarena eta Jose Miguel Rochina tubarena; eta bi estreinaldi absolutu eskainiko dira: Pablo Persicoren "Resabios de Petunia" eta Rafael Mullor Grauren "Rasoabel".

PROGRAMARAKO OHARRAK

Bakoitzaren bizitzaren ekosistemak eraginda dauka lanean; modu naturalean gertatzen da hori eta batzuetan ez gara konturatu ere egiten. Kontzertu honetan, Euskal Herria eragin horren zati da, protagonistek lurralde horretan irekitzen dituztelako begiak lehen aldiz, edo musika tradizionalak beren jarduera artistikoa inguratzen duelako.

Zaragozan jaioa, José FRANCO RIBATE maisua (Cariñena, 1878 - Bilbo, 1951) pedagogia bandistikoaren egile nagusietako bat izan da XX. mendearen erdialdean. Bandarako metodologia bat eta Manual de Instrumentación para banda famatua (1945) egin zituen eta Bilboko Udal Bandaren buru izandako jarduerak erakundearen eboluzio-etapa bat markatu zuen. Lau Urtearoak balletak urteko lau urtaroak deskribatzen ditu euskal folkloreko elementuak erabiliz. Gernikako Victor Olaeta koreografoak sarritan egin zuen ballet hau bere ikuskizunetan.

Alexander ARUTIUNIAN (Erevan, 1920 - 2012) XX. mendeko konpositore armeniar ospetsuenetako bat da. Haize-instrumentuei eskainitako konposizioak nazioarteko errepertorioaren estandarren parte dira. 1992an, Roger Bobo tubista estatubatuar entzutetsuari eskaini zion Concerto for Tuba and orchestra. Gaur, Johan de Meij maisu holandarrak bandarako egindako bertsioa entzungo dugu eta bakarlaria Alfonso Viñas (1986) izango da, Barakaldon jaiotako tubista eta Bilboko Kontserbatorioko ikaslea.

Rodrigo de Santiago (Barakaldo, 1907- A Coruña, 1985) José Sáinz Basaberen eta Jesús Aranbarriren ikaslea izan zen. Hasiera batean biolin, piano edo txistuarekin nabarmendu zen. Erandio eta Mungiako bandak zuzendu ondoren Leonen eta A Coruñan aritu zen zuzendari, eta 1967tik 1983ra bitartean Madrilgo Udal Banda zuzentzen amaitu zuen bere ibilbidea. De la transcripción (1956) tratatu ezaguna idatzi zuen eta garrantzi handia du musika-bandetan egindako lanak, bai zuzendaritzaren eremuan, bai konposizioaren eremuan. Gaur Euskal Herriko folklorean oinarritutako lan bi entzungo ditugu: Euskal Herriko eszenak eta Euskal triptikoa.

Euskal konpositore eta bakarlarien artean, musika lurralde batetik sortzen da, izaera eta pentsaera baten nortasun eta ikur izateko.