BILBO. Andrew Bovellen 'Las cosas que sé que son verdad' antzezlana Bilboko Arriaga Antzokira heldu zen atzo, urtarrilak 9. Julián Fuentes Retak zuzendutako eta Verónica Forquék protagonizatutako obrak beste hiru funtzio eskainiko ditu Arriagan: gaur eta bihar, arratsaldeko 19:30ean, eta igandean, hilak 12, arratsaldeko 19:00etan. Obra 2016an estreinatu zen Australian, eta orain, Verónica Forquérekin batera, Borja Maestre, Candela Salguero, Julio Vélez eta Jorge Muriel izango dira eszenatoriaren gainean.

Berriro ere, Julian Fuentes Reta eszena zuzendariak bere gain hartu du Andrew Bovellen lan bat zuzentzearen erronka. 2014ko esperientzia ezin hobea izan zen. Berak zuzendutako Cuando deje de llover lanaren muntaketak hiru MAX sari lortu zituen 2015ean, Antzezlan Onena, Zuzendaritza Onena (Fuentes Reta berari emandakoa) eta Protagonista ez den Emakume Antzezle Onena. Eta Antzezleen Batasuneko 5 sari ere jaso zituen.

Las cosas que sé que son verdad, gaurtik, ostegunetik, urtarrilaren 9tik, igandera, hilaren 12ra, bitartean Arriaga Antzokian ikusi ahal izango dugun antzezlana, kronologiari dagokionez Andrew Bovellen hurrengo testua da, aipatutako Cuando deje de llover lanaren ondoren. Oraingo honetan, piezak egilearen imajineriaren etengabeko gaia aztertzen jarraitzen du: pertsonek naturarekin dituzten harremanak, hausturak eta loturak. Natura, eta horren bitartez, gizakiaren ezagutzatik eta menderakuntzatik haraindi dagoena. Kontrolaren ilusioa hor dagoen arren, bizitzaren nondik norakoa markatuz doan hori.

Hirigunearen kanpoaldean dagoen eta lorategi txikia duen etxean, klase ertaineko familia batek oso urte garrantzitsua igarotzeari egin behar dio aurre. Lau anai-arreben eta euren gurasoekin dituzten harremanen hazkundea eta aldaketa kondentsatuko dituzten lau urtaroen igarotzearen metafora materialaren bitartez, beti, eutsi ezinda eta geraezinik, arnasa hartuz eta eraldatuz jarraitzeko aldatu, astindu eta hil egingo den organismoaren garapena ikusiko dugu.