Bilbo - Dantza bertikala, eskalada, Oreka Tx, Miren Narbaiza abeslaria, Karmele Gisasola harrijasotzailea? anitzak dira Harria Herria laburmetraiak uztartzen dituen elementuak. Harriarenganako maitasunak abiatu zuen sei gaztek osatzen duten Dimegaz Kultur Elkartearen proiektua. Bere sortzailea den Janire Etxabek azaltzen duenez, zazpi minutuko ikus-entzunezko piezan ikusi daitekeena Xabier Sukiaren letran oinarritutako proiektua da, eta bertan “dantza bertikalaren estetika eta ikusgarritasuna, gizakiak suntsitutako espazio natural batera ekarri da”. Izan ere, aukeratutako Andrabideko harrobia, Ereño eta Arteaga artean, ezinbestekoa izan da proiektu honentzat. Zergatik? “Energia berezia dagoelako leku perfektu horretan, gizakiak sortutako zauri erraldoi bat dago, eta gure proiektuarekin berriro bizitza sortu da”.

Bestalde, Etxabek azaltzen duenez, emakumearen presentzia aldarrikatu nahi dute eta gaur egun hartzen ari den espazioa erakustsi; kasu honetan, kirol munduan -eskalada eta harri jasotzea- eta kirol tradizionaletik haratago, “dantzaren artea eta Sukiaren poesia naturan uztartuz”.

Laburmetraiak gaur estreinatuko da Mendi Film Jaialdiaren baitan, 19:30etan, BBK Aretoan.

Kultur elkartea Dimegaz Kultur Elkartea, “eskalada eta dantza bertikala uztartzen dituzten performance proiektuak babesteko, laguntzeko eta partekatzeko” sortu zuen Etxabek. Hasieran Xarles Braden, Ainhoa Bilbao eta Etxabek berak taldea osa-tzen zuten arren, orain dela hilabete batzuk Enara Lariz itzultzailea, Aitor Gonzalez argazkilaria eta Lorea Larrinoa diseinatzailea lan taldean hasi ziren. Hala, denen artean “Euskal Herrian dauden harri bertikalenetan eta ikusgarrienetan performanceak egitea da”, horretarako, bertako historiari, naturari eta eboluzioari erreparatuz. Horregatik, Harria Herria ez da laburmetraiarekin bukatuko, Etxabek azaltzen duenez, “pantaila traspasatu eta zuzeneko ikuskizunetan islatu nahi dugu orain performancea”.