BILBO. Zenbakiak, eta batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa oinarrizko eragiketa matematikoak gure bizitzaren parte dira, eta horiek barik ezin izango genituzke egin egunero egiten ditugun jarduera asko. Hala ere, zenbakiak euren irudikapenarekin eta eragiketa aritmetikoak kalkulu prozedurekin identifikatzeko joera dugu, zenbaketa sistemak eta batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak egiteko metodoak denboran zehar aldatu egin direla ahaztuta. Liburu honetan, biderketa algoritmoek Antzinatasunetik gaur egunera arte zelan eboluzionatu duten azaltzen da. Adibide, irudi eta jarduera proposamen ugarirekin, lan honek zenbakien eta aritmetikaren ostean dauden historia eta kultura erakusten dizkigu.

Raúl Ibáñez Torres Matematiketan doktore, Geometria irakasle EHU/UPVn eta dibulgatzaile zientifikoa da. DivulgaMAT ataria, Matematiken Dibulgaziorako Zentro Birtuala, zuzentzen du, eta Real Sociedad Matemática Españolako dibulgazio batzordeko kidea da. Órbita Laika telebista programako "Una de Mates" saioko gidoilari eta aurkezlea izan da. 2005etik Radio Euskadiko Graffiti eta La mecánica del caracol saioetako kolaboratzaile da. EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrako kide da, eta baita Cuaderno de Cultura Científica blog-ekoa ere. Zientziaren Dibulgazioari ematen zaion José María Savirón V. Saria jaso zuen (nazio mailako modalitatea, 2010) eta Zientziaren Hedapenari ematen zaion COSCE Saria (2011).

Miradas Matemáticas bilduma, La Catarata argitaletxearen, Instituto de Ciencias Matemáticas (ICMAT) erakundearen eta Federación Española de Sociedades de Profesores de Matemáticas (FESPM) federazioaren arteko proiektu bateratua da. Orain arte bederatzi liburu argitaratu dira.