Bilbo - Eskulturan pixkanaka-pixkanaka zentratzen joan da Sahatsa Jauregi Azkarate (Itaparica, Brasil, 1984) artista; urteak igaro ahala, irudia helmuga izatetik, prozesuaren parte bihurtu da. Sorkuntza lanagatik Gure artea saria irabazi duen eskultoreak -bihar Gasteizko Artiumen jasoko duena-, momentuan ikusten dituen “gauza interesgarriei” argazkiak ateratzen dizkio, eta horietatik abiatzen da eskulturak eraikitzeko.

Zer suposatzen du Gure artea sariak?

-Lasaitasun handia da, izan ere laguntza ekonomiko garrantzitsua suposatzen du. Nahiko prekarioa da artisten bizitza, edo nirea behintzat; horregatik, zure lanera dedikatzeko denbora eta lasaitasuna ematen dizu hau bezalako saria jasotzeak. Eta alde ekonomikoaz gain, maila sinbolikoan errekonozimendu bat da ere, eta norberari errepaso bat egiteko balio du, inpultso nahiko potentea da lanean jarraitzeko. Gainera, “bide honetatik jarraituko dut” esateko argudio bat da besteek zure lana errekonozitzea, izan ere, artea barrutik ateratzen den zerbait izan arren, sozialki nonbaiten kokatzea beharrezkoa da.

Zure belaunaldiko artistarik azpimarragarrienetakoa zarela esan du epaimahaiak.

-Bai, hala ere, niri kosta egiten zait hori horrela dela ikustea. Artearen munduan lan egiten duten lagun asko ditut, nire ibilbide antzekoa egin dutenak. Hortaz, polita da hori entzutea baina ez da nire ahotik irtengo litzatekeen zeozer. Hala ere, asko eskertzen da errekonozimendu hori.

Nolakoa izan da zure orain arteko ibilbidea?

-Pixkanaka-pixkanaka eskulturan zentratzen joan naiz. Jatorria irudian dauka nire ibilbideak, unibertsitatean marrazkia, argazkia eta irudiak gehiago landu bait nituen. Hala ere, gero, prozesurako balio izan zaidan zerbait bihurtu da irudia, izan ere beti presente egon arren, erakusketetan aurkeztu dudana eskultura izan baita beti. Modu horretan, objektuen arteko harremanak bilatzen joan naiz; eta horretan zentratuta nago gaur egun oraindik.

Hortaz, lehen irudia helmuga zen eta orain prozesuaren parte dela esango zenuke?

-Bai, hori da. Nolabait iruditik eskulturarako saltoa egin dut, batez ere irudietan edo argazkietan biltzen nuena eskulturarekin zerikusi handia zuelako. Norbaiten etxera joan eta jarroiaren gainean belarritako bat zegoela ikusita, edo beste nonbaiten landare bat? harreman horiengandik interesatzen joan nin-tzen. Eta espontaneoki sortzen ziren harreman horiek berregiteko nahia piztu zitzaidan.

Zure eskulturak egiteko mugitzen zaituena zer da? Zeintzuk dira zure interesak?

-Mundu honetan edo inguruan dudan errealitate materikoa uler-tzeko modu bat da niretzat. Nola dagoen mundua eraikia, inguratzen nauten gauzak nola dauden osatuta? irakurketa selektiboa da, pertsonal eta indibiduala. Horrekin zerikusia izan dezakeela uste dut. Egunerokotasunean ikusten dudan errealitate horren barneratzeko modu bat da. Horregatik erabiltzen ditut aurkitzen ditudan objektuak, edo nire biografiaren edo nire lagunen biografiaren parte izan direnak.

Mundua nola ikusten duzun islatzen duzu beraz?

-Mundua baino, egunerokotasuna. Momentu horretan bizitzen ari naizen errealitatea. Auzoa, ingurunea... testuinguruak eragin handia dauka. Batzuetan modu inkontziente batean, baina badago beti ideia hori bueltaka.

Auzoak eragina duela diozu, beraz, eragina izango luke zure tailerra San Frantziskon egon beharrean beste leku batean egoteak?

-Ez dut uste. Fijazio berezia daukat material, forma edo objektuetiko. Azkenaldian, ispiluak, portzelanazko figurak, kristala, forma geometriko sinpleak? oso aseptikoa dirudi, baina objektu dekoratiboetan fijatzen naiz. Esaterako, garaikurretan esanahia duten piezak kentzen ditut; adibidez arrantzalea eta txalupa kentzen ditut; modu horretan testuingururik gabe uzteko. Asko bila-tzen dut harreman hori jatorriarekiko lotura apurtzeko eta gauza erabat desberdinean bilakatzeko.

Objektu dekoratiboak erabiltzen dituzu normalean.

-Bai, asko interesatzen zait funtziorik gabeko objektua. Superfiziala agian, bai. Azalekotasuna beti bueltan dudan kontzeptua da.

Nolakoa da sortze-prozesua?

-Lehenik eta behin objektuen hautaketa egiten dut. Hortik abiatzen naiz, gainera normalean objektu sorta handia izaten dut. Gero momentuan interesatzen zaidana hartu eta ulertzen saiatzen naiz. Entzute prozesu bat dago obra guztien eraikuntzan.

Artxibotik abiatzen zara.

-Bai, aspaldi hasi nintzen modu honetan lanean. Ikusten ditudan gauza interesgarriei argazkiak atera eta eredu bezala erabiltzen ditut gero eskulturak eraikitzeko. Batzuetan asoziazioa garbia da, eta besteetan oso librea.

Espazio publikoetan dauden objektuetan oinarritzen zara?

-Azkenaldian bigarren mailako eskulturetan jartzen dut atentzioa, rotondetakoak, portaletan daudenak?

Sinbolikoagoak direnak?

-Bai, edo arte galerietan aurkituko ez dituzunak baino intentzio estetikoa dutena. Sinbolikoagoa izan daiteke, bai. Edo elizetako altzairuak? funtzionalitatetik abiatuz, kapritxo estetiko bat daukaten objektuen muga horietan mugitzen diren eskulturak interesatzen zaizkit.

Hainbat lekutan obra ezberdinekin izan arren; horiek ildo komun bat jarraitzen dute?

-Egia esan, bai. Saria jasotzean atzera begirakoa egin behar izan dut. Artista batzuk proiektutik proiektura aldatzen joaten dira, baina nire kasuan lan egiteko modu identifikagarria joan naiz eraikitzen.

Zentzu horretan, zure artista izaera aurkitu duzula esango zenuke?

-Bai, lehenengo erakusketetan egiten nituen gauzak ikusten ditut eta hobekuntza ikusten dut; eta ildo beretik jarraitu dudala.

Zein da helmuga?

-Lanean jarraitzeko eta lana erakusteko aukerak izatea da helburua. Momentuz, hurrengo hilabeteetan Tabakaleran egongo naiz.