BILBO. Bilboko Arriaga Antzokiak 'Perfectos desconocidos' antzezlana hartuko du irailaren 11tik 22ra. Saioak asteazkenetik igandera bitartean antzeztuko dira eta larunbatetan saio bikoitza izango da. Sarrerak 9,50 eta 25 euro bitartean eskura daitezke, Bilbon antzeztuko diren 12 emanaldietarako. David Serranok eta Daniel Guzmánek Paolo Genovese italiarraren 'Perfetti sconosciuti' filma moldatu dute antzezlan bihurtzeko.

'Perfectos desconocidos' laneko taldea lehen mailako zazpi antzezlek osatzen dute, ospe handikoak agertoki gainean erakutsi duten kategoriarengatik eta baita telebistako zenbait ekoizpen lanetan egin duten lanarengatik. Horrela, antzerkiko komedia harrigarri eta berezi honen antzezleak hauek dira: Antonio Pagudo, Inge Martín, Olivia Molina, Fernando Soto, Elena Ballesteros, Jaime Zatarain eta Ismael Fritschi.

Pentación Espectáculosek, Milongak, El Niño Produccionesek, Luis Scalellak eta Guillermo Francellak Perfectos desconocidos lanaren bira aurkeztu dute, Madrilen lortutako arrakasta itzelaren abala duen antzezlana. Zortzi hilabete eman zituen Reina Victoria Antzokian, eta 100.000 ikus-entzule baino gehiagok ikusi zuten. Hori dela eta, Perfectos desconocidos lan arrakastatsua bilakatu da Espainian, formatu batean edo bestean. Gogorarazi behar da Alex de la Iglesiak zinera eraman zuela 2017an, eta urte hartan txarteldegi aldetik Espainiako film arrakastatsuenetakoa bilakatu zela.

Orain, antzerkirako moldaketa da ikus-entzuleen txaloak jaso dituena. Inolako zalantza barik, prozesua zaila eta aberasgarria izan da, David Serranok aitortzen duen bezala: “Antzerkian galdu egin daitezkeen lehen planoek eta begiradek garrantzi handia duten horrelako film baten moldaketa konplexua eta estimulagarria izan da, eta horretarako Daniel Guzmánen laguntza izatea funtsezkoa izan da. Umorea indartu eta pertsonaien arteko harremanetan sakondu gura izan dugu”.

Sinopsia

Betidanik ezagutzen diren lau bikote, horietako baten etxean afaltzeko elkartu dira. Afarian zehar, jolas arriskutsu batean parte hartzea erabakiko dute: euren telefono mugikorretara helduko diren mezuak eta deiak ozen irakurtzea edo entzutea. Horrela, euren sekretuak eta bizitza osoa besteen aurrean agerian geratuko dira.

Narrazioaren edukitik eta umoretik haraindi, obrak gure jokaera zalantzan jarri eta gogoetara gonbidatzen gaitu: Gure sekretu guztiak konpartitu behar al ditugu? Noraino heltzen da gure intimitatearen muga? Teknologia berriak lagungarriak dira ala gure bizitza kontrolatzen dute?

Zuzendariaren gogoetak

“Perfectos desconocidos lana antzerkian zuzentzea proposatu zidatenean, istorioaren oinarri dramatikoa zein zen galdetu nuen, eta interesgarri iruditu zitzaidan. Egile italiarraren jatorrizko testua irakurri eta betidaniko adiskide talde baten adiskidetasun istorioak, pertsonaien sakontasunak, zentzurik gabeko egoerek, biraketa ugariek eta mugikorraren erabilerari eta gure bizitzan duen kontrolari buruz egileak iradokitzen duen gogoetak erakarri ninduten. Antzezlanak duen argumentuzko ildoak eta istorioaren gertutasunak ezustez betetako bidaia bilakatzen dute komedia, umore askorekin, baina baita gizatasun eta sakontasun handiarekin pertsonaia bakoitzean”, azaldu du Daniel Guzmán zuzendariak.