DONOSTIA. Kanada, Erresuma Batua eta Hungaria arteko koprodukzio bat da filma, eta Norman Lebrecht idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Bederatzi urte dituenean, Martinek Dovidl ezagutuko du: biolina jotzeko talentu harrigarria duen judu poloniar bat, II. Mundu Gerra piztu ondoren Londresen errefuxiatu dena. Debuta egin aurretik, baina, arrastorik utzi gabe desagertuko da Dovidl, eta lotsa eta hondamena ekarriko dio familia osoari. Nazioartean Hanway Films-ek eta Espainian Filmax-ek banatuko dute filma.

François Girardek (Saint-Félicien, Canadá,1963) aurrez ere zuzendu ditu musikaren inguruan ardaztutako zenbait lan. Thirty Two Short Films About Glenn Gould (1993) filmean, originaltasunez hurbildu zen Glenn Gould piano-jotzaile talentudunaren benetako bizitzara, eta ondoren, Le violon rouge-n, mendeetan eta kontinenteetan zehar eskutik eskura bidaiatzen duen biolin baten bidea irudikatu zuen. Gainera, Boychoir filmean haur-abesbatzako zuzendari zorrotz baten istorioa kontatu zuen Dustin Hoffman aktorearen bidez. Alessandro Bariccok idatzitako Zeta eleberri ospetsuaren egokitzapen zinematografikoa egiteagatik ere ezaguna da Girard.

Zinemaldiak aurreko urteetan jadanik programatu izan ditu The Song of Names filmeko aktore nagusien beste lan batzuk. Clive Owen Donostian izan zen Children of Men (2006) Perlak sailean aurkezteko, eta berriz etorri zen Juan Carlos Fresnadilloren Intruders-ek (2011) Sail Ofizialari hasiera eman zionean. Bestalde, 2015. urtean Tim Rothek bitan parte hartu zuen Horizontes Latinos sailean, Gabriel Ripsteinen 600 millas eta Michel Francoren Chronic filmekin. Halaber, Catherine McCormack izan zen Donostian The Weight of Water (Kathryn Bigelow, 2000) aurkezteko Sail Ofizialean.