BILBO. Ostegunean hasiko da Getxoko 31. Nazioarteko Blues Jaialdia. Jaialdiak uztailaren 20era arte iraungo du. Eric Bibb, Paul Lamb & The King Snakes etaTrudy Lynn arituko dira, besteak beste. Kontzertuak Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan izango dira; ostegunean, arratsaldeko 20:00etan eta gainerako egunetan, 21:00etan.

Estilo anitz hartzen dituen aurtengo egitaraua borobiltzeko, saio horiez gain, doako lau kontzertu eta kaleko desfileak hartuko ditu jaialdiak beste kokapen batzuetan.

Jaialdia Eric Bibb-en eskutik abiatuko da (New York, 1951), blues akustikoaren gitarra-jotzaile nabarmenetako bat dena. 20 urte bete baino lehen, jaioterria utzi zuen (New York) aldaketa bila eta, aldi batez Parisen eman ondoren, Suedian finkatu zen. Bertan hasi zen jatorriko blues beltzeko sustraietan inspiraturiko musika lantzen, betiere AEBetatik kanpo izandako esperientziatik jasotako eragina gehituta. Hala, gospel eta country estiloak Karibeko inspirazioarekin eta soinua afrikarrekin uztartzen ditu. Estudioko 20 lan baino gehiago eta kolaborazio ugari izan ditu, eta bi aldiz izendatu dute da Grammy sarietarako "Shakin' a Tailfeather" (1997) eta "Migration Blues" (2017) diskoengatik.

Ostiralean, uztailak 19, Paul Lamb (Blyth, Ingalaterra; 1955) karismaduna hartuko du Getxok, baita The King Snakes ere, Britania Handiko blues talderik onena. Harmonika-jotzaile, abeslari eta konpositore nekaezina buru duela, edozein estilo interpreta dezake talde honek: Rhythm&Blues-a, Texaseko blues elektrikoa edo Louisianako, Deltako eta Mendebaldeko Kostaldeko erritmoak.

Azkenik, larunbatean Trudy Lynn (Houston, 1947) kantari beteranoak emango die amaiera kontzertu nagusiei. 60ko hamarkadaren hasieran ekin zion bere ibilbideari Albert Collins texastarraren legendarako abestuz eta Ike eta Tina Turner abeslarien birak irekiz. Beste musikari eta talde batzuekin kolaboratuz eginiko ibilbide luzearen ondoren, 1989an bere lehen disko luzea argitaratu zuen bakarrik "Trudy Sings the Blues" izenburupean. Horri esker, Houstongo Soularen Diva izendatu zuten. Guztira hamahiru diskok osatzen dute haren ibilbidea, non hainbat estilotara moldatzen jakin izan duen: soula, blues klasikoena eta soinu komertzialak.

Bestelako saioak

Ordainpeko eskaintzarekin batera, doako saoiak ere izango dira jaialdian. Hala, uztailaren 19an eta 20an, Algortako The Piper's Irish Puben, Detractors eta Frank Blackfield Band taldeak arituko dira 23:00etatik hasita. Horrez gain, uztailaren 20an eta 21ean, Getxo & Blues Kirol Portuko ostalaritzako terrazetan izango da, 13:00etan hasita, indartsu dabiltzan Bizkaiko bi talderen kontzertuak eskaintzeko: Blue Bird eta Mississippi Queen & The Wet Dogs. Azken emanaldi horiei esker, bluesa ingurune desberdinera eta publiko desberdinengana hurbildu nahi da, familiengana adibidez, ez baitute aukerarik gaueko kontzertuetara etortzeko. Algortako hirigunean marchin’ Granujas a Todo Ritmo Street Band dibertigarriaren musika animazioa izango da uztailaren 20an. Banda horrek giroa berotuko du bere erritmoekin 19:00etatik aurrera.