BILBO. Aurten ere egin du Barakaldoko Udalak kale-antzerkiaren alde Karmenetako jaietan. Datorren uztailaren 14 helduko da Rataplan programa hirira, eta doako antzezlanak eskainiko ditu Eskulturen plazan, bai eta kalejirak ere, Bide Onera eta Herriko Plazaren arteko tartean. "Irrikaz itxaroten dugun jaialdi bihurtu da Rataplan. Aurten beteko du hirugarren aldia, eta maila handiko antzezlanak ekarriko ditu datozen bi asteotarako", aurreratu du Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Droga-menpekotasun Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Aurtengo Rataplanek Malas Compañias-en gisako bertako konpainien obrak ekarriko ditu, bai eta Katalunya, Valentzia, Madril, Andaluzia edo Balear Irletakoak ere. Igandean, hilak 14, izango dugu lehenengo antzezlana, eta larunbatean, hilak 20, amaituko dira. Beste batzuetan bezala, bi ordutegitan izango dira emanaldiak, alegia, 19:30ean eta 20:30ean.

Beraz, igandean, hilak 14, jasoko dute lehenengo aldiz oihala, Malas Caompañías-en Prozak obra ikusteko. Eskulturen plazan izango da. Arratseko 20:30ean, aldiz, Bide Oneratik Herriko Plazarako tartean Caballos de Menorca izango dugu, Menorcako ospakizunaren ikuspegi berezi bat eskainiko duen ikuskizuna.

ANTZERKIA ASTE OSOAN

Xa Teatre-ren The Audition ikuskizuna izango da astelehenean, Beltxargen lakuaren protagonista izan nahi duten bi izangaien esperientzia kontatzen diguna (19:30ean, Eskulturen plazan). Arratseko 20:30ean, berriz, beste kalejira bat: txotxongilo erraldoiek argiz mukuru ibiliko dira Foruen pasealekuan barrena. Yera Teatroen Lumen ikuskizuna.

Asteartean, hilak 16, Karmen egunean, Markeliñe euskal konpainiaren ikuskizuna. Chef Natura antzezlanak zerupean dagoen jantoki bat irudikatzen du. Bezeroek, baina, ez dute mugikorra edo tableta erabiltzerik izango (Eskulturen plazan, 19:30ean). Asteazkenean, hilak 17, Andaluziako Hermanos Inconfundibles konpainiak emango dio antzerki ukitua jaiari, Qué raro... ¿Verdad? obrarekin.

Hortzmuga-ren Jule lana izango da osteguneko antzerki-eskaintza. Hilaren 18an, Eskulturen plazan. Des-Equilibrats-en Kinesis lanak hartuko du lekukoa ostiralean, hilak 19, leku berean, 19:30ean.

Larunbatean, hilak 20, jardunaldi bikoitza: 19:30ean eta 20:30ean. Lehenengoa, Eskulturen plazan, Kanbahiota konpainia madrildarra arituko da Vaya Circo lanarekin. Bigarrena, berriz, Bide Oneran, Zanguango euskal konpainia, Al otro lado obrarekin. Oihal bat jarri, eta eguneroko bizitza molde antzeztuan behatzea proposatuko digu.

II. Rataplan programak batez bestez 1.000 bat ikusle izan zituen egunero Eskulturen plazan. "Dena dago prest astebetez kale-antzerki onenaz gozatzeko. Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditut Eskulturen plazara eta Bide Onerara joan, eta kale-antzerkiaren magian murgil daitezen", esan du Canterok.

IRAILEAN ITZULIKO DA BERRIRO KALE-ANTZERKIA

Antzerkia da, hain zuzen ere, familia barakaldarrek nahien duten jardueretako bat, oso ondo erantzun izan baitute beti Udalak antolatu izan dituen ekimenetan. Alde horretatik, irailean itzuliko da Ratataplan. Iaz sortu zen programa, Rataplani jarraipena emateko. Irailean itzuliko da, antzerki proposamen berriak besapean dakartzala.