BILBO. Woody Allenen filmaren grabaketak eragozpenak sortuko ditu Donostiko Boulebardean eta Alde Zaharrean. Filmaketa uztailaren 10ean hasiko da eta abuztuaren 20ra arte luzatuko da. Donostia hirikoaz gain, Gipuzkoako beste leku batzuetan grabatuko da.

Horrela, filmaketa uztailaren 10ean hasiko da, Donostiako hainbat kokalekutan, eta ekoizpen eta arte taldeak Boulevard, Alde Zaharra eta Cervantes plaza (Kontxa ondoan) inguruetan ariko dira. Une jakinetan ezin izango da kale horietan ibili; dena den, bizilagun, merkatari, ostalari eta ezinbestean bertaratzeko beharra duen orok sartu eta atera ahal izango du, han egongo diren udal langile eta teknikarien jarraibideei kasu eginez. Larrialdi zerbitzuei ere une oro bermatuko zaie pasabidea.

Uztailaren 10ean Boulevardean izango da eragin handiena, trafikoa erabat itxiko baita, 17:00etatik 20:00etara, Legazpi kalearen altueratik. Portuko eta Mari kaleko bizilagunak euren etxeetara sartu ahal izango dira, bertan egongo diren teknikarien argibideak jarraituz.

Gainera, egun osoan zehar, Boulevardean autobusek ezingo dute geldialdirik egin, ezta aparkatu ere ez, 13. linea izan ezik. Autobusak inguruko kaleetara eramango dira. Udaletxetik gertu dagoen taxi geltokia ere itxita egongo da. Bestalde, aparkalekuak ez du eraginik jasango eta sarrera zein irteerak bermatuta egongo dira. Gainerako grabazio guneek hainbat aldizkako mozketak jasango dituzte.

Hurrengo egunetan eragozpenak neurtuagoak izango dira, grabatzeko erabiliko dituzten kokalekuen ezaugarriengatik. Aldez aurretik jakinaraziko du Donostiako Udalak grabazio lanek zer aldaketa eragiten dezaketen hiriko espazio publikoetako ohiko erabileran.