bilbao - Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak 2019ko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo. Euskararen eta euskal kulturaren garapenaren aldera dituzten helburuak elkarlanean burutzeko, akordio honekin Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankide-tzaren oinarriak ezarri dira. Modu honetan, mendeurreneko ospakizunetan murgilduta dagoen Euskaltzaindiak, Baionan ere ospakizun anitz ikusteko aukera emango du: Mende berria kantuz kon-tzertua, Biz’hitza dantza ikuskizuna eta Ghero antzezlana. Azken honek, 3000. urtean kokatzen gaitu eta ospitale batean azken euskalduna omen dago. “Berak ez du hil nahi, ez du hil nahi hizkuntza, berak jakin badaki bera hiltzear dela eta bere erronka da bere altxortxu hori beste baten eskutan uztea”, azaldu zuen duela hilabete batzuk EITBn Jokin Oregi obraren zuzendariak. Bigarrenak, aldiz, atzera egiten du eta Fernando Aire Xalbador Urepeleko artzainaren esan bat du oinarri: “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza”. Halaber, dantzaren bidez euskara batuaren istorio partikularra kontatzea du helburu. Eta lehenak, ezagunak eta oroimen kolektiboaren parte diren euskal kanten bertsioak eskaintzen ditu. Guztietan, euskal kultura eta euskara oinarri.

“Hitzarmen honek berresten ditu Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko etxeak euskararen sustapenerako hartu dituzten bideak eta lan-ildoak”, berretsi zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Berarekin batera izan zen Jean René Etchegaray Iparraldeko Erkidegoko presidente eta Baionako auzapeza. Bera izan zen hain zuzen ere Andres Urrutia euskaltzainburuarekin hi-tzarmena izenpetu zuena. Bertan, aipatutako ikuskizunez gain, Euskaltzaindiaren Hiztegi Etimologikoaren eta Erlea literatura aldizkariaren aurkezpenak bermatu dira. Hiztegia argitaratu berri da, eta euskal hitzen jatorria eta historia modu sistematikoan aztertzen ditu. Aldizkariak, ordea, hamabi zenbaki ditu jada, eta mendeurrena da gai nagusia. Alabaina, ez da horretara mugatzen eta lekua dute idazleek hizkuntzarekin edo hizkuntzekin duten loturari buruzko gogoetek, kanpoko idazleek Euskal Herriarekin duten harremanari buruzko idatziek, jardun kulturalari buruzko kronikek edota argitaratutako liburuei buruzko iritziek. Bai, Bernardo Atxaga “ezezaguna” da aldizkariaren zuzendari.

OHIKO LANAK ERE Betiko lanek ere izango dute lekua akordio honetan. Baionako Herriko Etxeari zein biztanleei laguntza emateko prest agertuko da Euskaltzaindia, euskara normalizatu, garatu eta gizarteratzeko. Zentzu honetan, toponimoen grafia zuzena ere finkatu nahi da. Hori lor-tzeko bidean, jardunaldiak, bilkurak edo aurkezpenak burutuko dira, euskarak era batean edo bestean aurrera egin dezan.

Baionako Herriko Etxeak, bere aldetik, zenbait engaiamendu hartu ditu: orain arte bezala, Gaztelu Berriko egoitza Euskaltzaindiaren esku utziko du, modu honetan Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaritzari babesa emanez. Akademiari ere sostengu linguistikoa ekarriko dio, bere bilkuren edo ekitaldi berezien antolaketarako (gelak edo materiala). Izan ere, Baionako Herriko Etxeak, euskararen eta euskal kulturaren inguruan presta-tzen dituen gertakarietan bere presentzia agerian utziko du. Eta jarduera horiek diruztatzeko, Baionako Udalak urtero ematen dion diru laguntza emango dio aurtengoan, eta beharrezkoa izatekotan, aitzinetik bi aldeen artean zedarriztatuak izango diren proiektuetan lagun-tzeko.

Hori bai, laguntzak ez du ezertarako balioko ostera egoerak bere horretan jarraitzen badu. Eta alda-tzeko bidean, hitz egiteko apeta hedatzea ezinbestekoa da.