BILBO. Musika Master zirkuitua gaur abiaraziko da, La Salve fabrikan, kontzertu akustiko baten eskutik: Portugaleteko eta Bilboko musikarien (horietako batzuk, Doctor Deseo edo Extremoduro talde ospetsuetakoak) “rock konbo” J.O.E taldea ikusi eta entzuteko aukera egongo da.

Bizkaiko musika-banden eskura toki adierazgarriak eta egonkorrak jartzeko sortu da MUSIKA MASTER ZIRKUITUA, taldeok formatu txikiko ekitaldiak (mahai-inguruak, aurkezpenak, master class-ak eta, jakina, emanaldiak) egin ditzaten. Euskal herritarrei Bizkaian egiten den musika hurbilduko zaie, lehenengo urterako antolatu diren 50 ekitaldien bidez. Maiatzaren 31n pilotua egin zen, Bilboko Luigi Stream rocker historikoaren eskutik, eta zirkuitua bihar abiaraziko da, Portugaleteko eta Bilboko musikarien (horietako batzuk, Doctor Deseo edo Extremoduro talde ospetsuetakoak) "rock konbo" J.O.E taldearen kontzertuaren eskutik.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an martxan jarri zuen programaren izen bera du MUSIKA MASTER ZIRKUITUAk; horri bultzada ederra eman diote bertoko erakunde batzuek, hala nola, LA SALVEk, NAVE 9k eta ADI MUSIKek; izan ere, Bizkaiko musika eta kultura jendearen eskura jartzeko asmoz, kontzertuak eta jarduerak barne hartzeko batu dira hirurok.

Gaur goizean LA SALVE fabrikan programa hori aurkezteko egin den prentsaurrekoan pertsona hauek esku hartu dute: Euskara eta Kulturako foru-diputatu Lorea Bilbao;

Eduardo Saiz eta Jon Ruiz, La Salve-ko bazkide eta sustatzaileak; Txarly Romero, Nave 9ko arduraduna; Adolfo Aguado,Adi Musik-eko zuzendaria, eta Lino Prieto, Musika Master-eko koordinatzailea. Prentsaurrekora bertaratu direnek aurkezpen berezi batez gozatu dute, formatu akustikoan izan baita, J.O.E. eta Parabellum banda historiko bizkaitarraren eskutik.

ZIRKUITUA

MUSIKA MASTER ZIRKUITUAk Bizkaiko banden eta artisten kontzertuen etenik gabeko programazioa barne hartuko du, oso lokal enblematikoetan, hain zuzen ere, LA SALVE euskal garagardogilearen fabrikan, ITSASMUSEUM BILBAOko NAVE 9 kafetegian edo Portugaleteko ADI MUSIK Akademiako ekitaldi-aretoan. Arian-arian beste lokal batzuek, publikoek nahiz pribatuek, bat egingo dute Zirkuituarekin, betiere Bizkaiko bandak bultzatzeko eta horien eskura toki atsegingarriak eta artearekin errespetutsuak direnak jartzeko asmoz.

MUSIKA MASTER ZIRKUITUAren lehenengo urtean 50 kontzertu eta ekitaldi inguru egitea eta 5.000 ikusle-entzule bertaratzea espero da.

MUSIKA MASTER

MUSIKA MASTER proiektu eta markaren helburua Bizkaian musikarekin loturik egingo diren jarduera guztien bereizgarri izatea da, eta musikari bizkaitar guztiei, bakarlariei nahiz taldeei, tresnak ematea musikaren mundu nekezatik aise ibil daitezen.

MUSIKA MASTER proiektua eskualdeka ezartzeko asmoz diseinatu zen: lehenengo Ezkerraldeko artista eta bandekin; ondoren, Eskuinaldeko eta Bilbokoekin eta, geroago, Leioa, Basauri eta Mungiakoekin. Baina, egia esateko, Bizkaia osoko bandekin lan egiten ari gara eta gure web-orrian Bizkaiko 38 herritako baliabideen berri eman dugu jada.

Izan ere, Musika Master-en web-orrian Bizkaiko 400 banda -mota eta maila guztietakoak- ingururen datuak daude bilduta, baita horiei baliagarri gerta dakizkiekeen hainbat baliabide ere (akademiak, tailerrak, grabazio-estudioak,?).

Web-orriaren beste atal batzuetan, Bizkaiko bandek egindako azken 100 bideoklipen zerrenda eguneratua eta Lurraldean astero antolatzen diren ehun ekitaldi ingururen agenda jaso ditugu. Azkenik, Vinilo FM irratian ostegunero MUSIKA MASTERek aurkezten duen irratsaioaren podcast-a ere badago eskuragai. Datu gisa, saio horren lehenengo denboraldian 200 banda eta artista bizkaitar egon dira entzungai.

Hortaz, MUSIKA MASTERen helburuetako batzuk hauek dira: talde bizkaitarren mugimendua ikusgai egitea, Bizkaiko musikarien artean loturak sortzea, musikarekin zerikusia duten arlo guztietan konponbideak eta aholkuak ematea, talde eta bakarlarien eta administrazioaren arteko harremanak normaltzea, musikarien prestakuntza osoa sustatzea eta, ekimenaren bidez erakutsi denez, tokien sarea eraikitzea musikariek artea zuzenean eman dezaten.

LA SALVE: BILBOKO FABRIKA

LA SALVE da, gaur egun, Euskadiko garagardogile handi bakarra. Horren salmenta-hazkunde eutsiari, hedapen geografikoari eta lehiakortasun-ereduari esker, gorantz ari den merkatu baten partaide izan daiteke berriro euskal ekonomia.

Garagardogileak duela urtebete zabaldu zuen Bilboko fabrika. LA SALVEren hirugarren lantegia da hori, 1886an Salbeko landan eta Artasamina kalean abiarazi zirenak kontuan hartuta. Euskadiko garagardo-fabrika nagusia dena martxan jartzeko 2 milioi euro inbertitu dira eta horrek LA SALVE ekoizpena Bizkaian abian jarri izana ekarri du. Fabrika berriaren ekoizpenak erritmo onean darrai aurrera, hots, km0 garagardoaren 200.000 litro ekoizten dira urtean; arreta handiz hautatzen da lehengaia, bertokoa, eta kontu handiz elaboratzen da garagardoa; ondorioz, emaitza balio handikoa da, instalazioak Europako garagardo-fabriken abangoardian daude eta ekoizpena pixkanaka handituz doa.

Espainian jardunean dauden garagardo-fabriken artean bigarren zaharrena da LA SALVE, eta akziodunen artean Mahou San Miguel dago (% 42,7ko partaidetza dagokio). Izan ere, harreman hori funtsezkoa izan da Bizkaiko hiriburuan fabrika berriro zabaltzeko, bi milioi euro inguruko inbertsioa behar izan delako. Instalazio horiek martxan jartzean, hortaz, LA SALVEk bertoko ekoizpena berreskuratu du, lehengo fabrika 1977an itxi zenetik.

ITSASMUSEUM - NAVE 9

Itsasmuseum-ek hirian kalitatezko kultura-kokapena sendotzeko egin duen apustua dela eta, toki bizia eta partizipatiboa sortu du eta jende guztiarentzako jarduerak antolatzen ditu. Testuinguru horretan, hortaz, duela bi urtez geroztik, Bilboko zuzeneko musikaren esparruan kokatu da, jardunbide ezaguna duen (La Nube, Satélite T, La Casa del Huracán...) eta ItsasMuseum-eko kafetegian Nave 9 tokia-kontzeptua sortu duen musika-programatzaile Txarly Romerorekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez.

Bertoko nahiz nazioarteko banden ehundik gora kontzertu -horietako asko, Rabba Rabba Hey! saioen babesean- egin dira denboraldi horretan, NAVE 9n nahiz Itsasmuseum-eko entzun-aretoan eta kanpoko zabaldegian.

ADI MUSIK

ADI MUSIK Errepelegako (Portugalete) musika- eta arte-hezkuntzako zentroa da; musika (klasikoa eta modernoa), dantza, antzerkia eta arte eszenikoak eta bisualak irakasten ditu, baita musikarekin eta ikuskizunekin loturiko lanbide-heziketa eta ogibideak ere.

ADI MUSIKen hezkuntza-proiektu berritzailea, Euskal Herrian bakarra dena, mamitzen ari da; hots, ikuskizun, antzerki, irrati, telebista, musika dantza eta abarrekin loturiko jarduera eta lanbide guztiak elkartu ditu, adin guztietako ikasleak irakaskuntza arautu eta ez-arautaren arabera prestatzeko. Ikasle guztien eskura kultura- eta aisia-jarduera jartzen du, egungo garaietara egokitutako proposamen pedagogiko baten eskutik eta, hortaz, gure inguruko kultura garatzen laguntzen du.

Hori lortzeko, goi-mailako tituludun irakasleak ditugu, arlo guztietan lanbide-esperientzia ugaria dutenak; horiek lanbide bakoitzaren benetako beharretara egokitzen diren ideiak ematen dituzte eta mailakako ikasketa-programa burutzen dute, aldi berean prestakuntza teorikoa praktikoarekin osatuz, prestakuntza-metodologiarik onena ematearren.

J.O.E.

Portugaleteko eta Bilboko musikarien "konboa" da J.O.E. Horietako musikari batzuk ezagunak dira Doctor Deseo edo Extremoduro talde entzutetsuetan jotzen dutelako.

"Konboan" hainbat aldaketa egin ondoren, J.O.E. eszenatokietara itzuliko da berriro, hobekien egiten dakitena egitera, hots, ROCK jatorra eta artifiziorik gabea jotzera.

Bertsio akustikoan, Félix Landa, Gorka Bilbao eta Aitor Aguriano "Toro" musikariek, bandako bateria-jotzaile Joseba Tapiari atseden hartzen utziko diote, eta jo ohi dituzten kanten bertsio akustikoa egingo dute. Emaitza, bikaina.