BILBO. Basque Audiovisual plataformak lehen aldiz parte hartuko du egitasmo honetan. Ekainaren 17 eta 20 bitartean gauzatuko diren jardunaldietan, sormena, finantzazioa, koprodukzioa eta telebistarako edukien emisioa bultzatzea izango dira helburu, baita merkatuko eragileen arteko topagunea sortzea ere. Estatuko eta nazioarteko ikus-entzunezko industria dinamizatu nahi dute antolatzaileek, eta, bereziki, ekoizpenak elkarlanean sustatzeko hitzarmenak bultzatu nahi dituzte.

Hirugarrenez burutuko den Conecta Fiction topaketak egitarau zabala eskainiko du Iruñeako Baluarte kongresu-jauregian: pitching saioak, panelak, masterclass saioak, tailerrak eta abar. Era berean, Nafarroako hiriburuko beste espazio batzuetara ere zabalduko da ekimena.

Nazioarteko egile, ekoiztetxe eta telebista-kateen arteko hartu-emana sustatzeko, protagonismo berezia hartuko dute zinemagintzan tradizio handia duten bi herrialdek: Txilek eta Italiak.

Basque Audiovisualek ikus-entzunezkoen euskal sektore osoa elkartzen du, azpisektore gehienak barne: ikus-entzunezkoen produkzioa, filmen ekoizpen eta banaketa, telekomunikazioak, teknologia-zentroak, telebista-kateak, ikus-entzunezkoen ekoizpenera formakuntza-zentroak eta zerbitzu enpresak. Euskal eragileen arteko lankidetza bultzatzea da plataformaren xedea, baita eduki nahiz formatuen berrikuntza suspertzea ere.