BILBO. Mikel Urdangarin eta Roberto Moso Bidebarrietan egongo dira datorren asteartean literaturaren eta musikaren arteko erlazioari buruz hitz egiteko. Hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da eta Goizalde Landabaso arituko da moderatzaile gisa.

Planteatuko diren gaien artean hauek egongo dira: literatura lan baten eta bere musika konposizioaren arteko erlazioa, literaturako testu batek abesti on bat bermatzen duen ala lengoaia desberdinak erabiltzen dituzten, zer den garrantzitsuagoa, musika ala letra; arlo bietako artisten arteko loturak sortzeko orduan zer den garrantzitsuagoa, musikari ala idazle nortasuna edo, agian, Bob Dylani Literatur Nobel Saria eman zitzaioenan gauzatu zen mugarik gabeko fusioa.

Mikel Urdangarinek (Zornotza/Amorebieta-Etxano, 1971) Magisteritza ikasi zuen, baina denbora asko igaro orduko irakaskuntza utzi eta musikara bideratu zituen bere pausoak. 20 urte daramatza musikaren munduan, euskarazko musikaren erreferentziazko sortzaileetako bat bilakatuz. Gizarte eta politika arloko arazoen aurrean ardura duen egilea da, eta hori nabarmena da bere lanetan. Lan eta adiskidetasun harreman estua du Kirmen Uribe idazlearekin, eta hark idatzi ditu bere abesti batzuetako letrak. 14 disko argitaratu ditu. Duela denbora gutxi estreinatu den Oier Aranzabalen “Margolaria” filmaren protagonista da Mikel Urdangarin. Egileak bi urtez jarraitu zuen kantautorea munduan zehar, artista baten bizitza erakusteko eta arimaren erretratua egiteko.

Roberto Mosso (Santurtzi, 1960), bere aldetik, idazle, kazetari eta musikaria da, Zarama taldeko ahotsa, pertsona polifazetikoa, bere jarduera gehienak idazketan elkartzen diren arren. Roberto Mosok Zarama talderako letrak idatzi zituen, parte hartzen duen Radio Euskadiko saio anitzetarako testuak idazten ditu, "Zaramatimes" blog-ean ere sarritan idazten du, eta maiz idatzi du prentsarako eta telebista saioetarako. Horrez gain, zenbait liburu argitaratu ditu, “La radio encendida”, “Flores en la basura” edo “Polvo”, besteak beste.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2018an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez ? Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.