“Saran astia” dio esaera zaharrak, gauzak egiteko behar den denbora hartzen dutela alegia Lapurdiko herri horretako biztanleek. Egunotan horrela lan egiten dute 70 aktorek eta teknikarik Pablo Agüero zine zuzendari argentinarra buru dutela. Hamazazpigarren mende hasieran Pierre de Lancre Bordeleko epaileak burutu zituen emakumeen aurkako epaiketak eta horien ondorioz izan ziren hilketak gogoratzen dituzte Akelarre filmean.

“Sorginkeriaz akusatu zituzten, benetako injustizia eta jazarpena jasan zuten. Senarrak itsasora edo lanera joaten zirelarik emakumeak beren artean konpontzen ziren, eta batzuen arabera bizi modu arraroa zuten, baina ez ziren gaizkileak”, gogoratu nahi du zine zuzendariak. “Egia da lan asko egin dela historiako atal honi buruz baina orain arte ia beti Pierre de Lancren ideien aldekoak izan dira. Epaitutako emakumeak edo beren ingurukoak susmagarritzat erakutsi izan dituzte”, Agüeroren hitzetan. Aldi honetan ez dela horrelakorik gertatuko aurreratu du hego amerikarrak.

Haranburua Akelarre filmaren grabaketa maiatzaren 6an hasi zuten Lagako hondartzan, Ibarrangelun. Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian ere lan egiten dute Urbasako mendietan, besteak beste. “Gauaz lan egiten dugu bertako oihan eta arkaitzek giro berezia sortzen dutelako”, zuzendariaren ustez. Euria egiten duelarik barneko eszenak grabatzen dituzte Lesakan, Boienea etxean eta eguzkia jaun eta jabe delarik kanpoko sekuentziekin ari dira Saran, Lizuniagako leporantz eta Bera aldera doan bide ondoan dagoen 1685ko baserri ikusgarrian. Haranburua da bere izena. Nafarroa Garaia eta Lapurdiko arkitektura nahasten dituen ez ohiko etxea da.

Bazter berdeen erdian eta Larrun menditik hurbil dagoen hiru solairuko eraikin handiaren aurrean plazatxo bat dago beste hiru etxekin eta bertara sartzeko arku baten azpitik igaro behar dute bertan an-tzezten duten aktore eta figuranteek. “Inkisizioa, kontrabandoa, nazien okupazioa, denetik gertatu da hemen eta baserriko hormek hitz egingo balute pelikula asko egiteko ideiak agertuko lirateke”, dio Agüerok. Ez da lehen aldia Haranburua pantaila handian agertzen dela. 2014ean El santuario ETAri buruzko film luzea ere bertan grabatu bai-tzuten. Aldi honetan armarik ez dago azoka handi bat baizik. Garaiko jantziak dauzkaten aktore eta figuranteak pentze batetik datoz. Euskaraz hitz egiten dutela Gabonetako jaiotza baten itxura duen azokara sartzen dira. Detaile guztiak zaindu dituzte bertan daudelako mota guztietako erakusmahaiak, gazta, arrai edo eltzeekin, eta bizirik dauden abereak, tartean, astoak, ahuntzak, txerriak edota oiloak. Mugimendu guzti horien ondoan eta ikus entzuneko teknikarien artean makiaia eta jantziez ardura-tzen diren profesionalak erne dabiltza aktoreei begirik kendu gabe eta detaile guztiak zainduz.

Protagonistak Gaztelaniaz graba-tzen duten pelikulan euskarazko hainbat esaldi entzuteko aukera izango da egileek tokiko eta garaiko errealitatea islatzeko asmoa dute eta. Bi sekuentzien artean, Amaia Aberasturi aktore bizkaitarrak dio pozik dagoela Akelarre bezalako proiektu batean parte hartzea. “Orduko injustizia salatzeaz gain emakumeen aldeko mezu unibertsala hedatu nahi dutela”, dio 22 urteko antzezleak. Arteagako artista Vitoria 3 de marzo, Zigortzaileak eta Umezurtzak bezalako filmetan ikus liteke ere. Bartzelonatik Sarara etorri da ere Alex Brendemühl aktorea, bigarren protagonista. “Historiaren atal odoltsua ez nuen ezagutzen baina txunditu nau benetako erokeria gertatu baitzen hemen”, dio katalanak.

Orduko gertaerak gaur egun etnien edo talde txikien aurka dagoen jazarpenarekin alderatu ditu Brendemühlek. Inguruan figurante asko dabil, tartean Kontxi. Allí abajo eta Aupa Etxebeste bezalako lanetan agertu da jada donostiar hau baina aldi honetan poz pozik dago Euskal Herriko historia jorratzen dutelako. “Injustizia ikaragarria jasan zuten orduko emankumeek, ez ziren errudunak”, bota du gipuzkoarrak. “Langabezian nagoenez agentzia batean eman nuen izena eta jada laugarren eguna da jarraian deitu nautela”. Kontxi bezala hamarnaka antzezle dabil lanean Saran, umeak, helduak eta besorik ez duen gizon bat ere. Quasimodo ezizena jarri diote zenbait ikuslek. “Mission Pays Basque komedia grabatu zuten Saran duela bi urte baina Akelarre askoz ikusgarriagoa da 1609ko epaiketak gogora ekartzen dituelako”, zioen grabaketa ikustera joandako saratar batek.

Euskal Herri osoko ekoizleek bat egin dutela proiektuaren inguruan azpi marratu du Jokin Etxeberria La fidèle ekoiztetxeko arduradunak. Lehen fikzio luzea da telebista eta irratian eskarmentu handia duen profesionalarentzat.