BILBO. Ictus Ensemblek eta Collegium Vocalek 'Einstein on the beach' opera interpretatuko dute igandean Arriagan, arratsaldeko 19:00etan. Musika-tresna eta ahots parte birtuosoak nabarmenak izango dira igandeko kontzertu bertsio berezi batean.

Einstein on the Beach lanaren berrikuspen berezi eta oso erakargarri horrek, Germaine Kruip ikus-artistak diseinatutako agertokian jartzen ditu nazioarteko lehen mailako bi musika talde, Suzanne Vega bikainak gidatuta. Ikuskizunaren gidari gisa jarduten du, eta une bikainak oparitzen ditu emanaldian. Hemen, Suzanne Vegak jatorrizko libretoaren irakurketa pertsonala eskaintzen du, hainbat aurpegi dituen narratzaile bilakatuta, Christopher Knowlesen, Samuel M. Johnsonen eta Lucinda Childsen testuetan agertzen diren ahotsen collageari bizia emanez eta, horrela, parte hartzen duten artista guztien artean batasun dramatikoa eskainiz.

Ikuskizunak kategoria handiko Belgikako bi talderen interpretazioa du, bat musikala eta bestea ahotsez osatutakoa. Alde batetik, Georges-Elie Octorsek zuzendutako Ictus Ensemble dago. Agertokian erakusten duten trinkotasunak argi eta garbi erakusten du zergatik den hain musika garaikide talde ospetsua. Egoitza Bruselan duen taldea sarritan aritzen da Anne-Teresa De Keermaekerrek zuzendutako Rosas dantza konpainiarekin eta Wim Vandekeybus, Maud Le Pladec, Eleanor Bauer edo Fumiyo Ikeda koreografoekin. Ohikoa da Lilleko Operan eta hezkuntza lana ere egiten du, musika garaikidearen interpretazioari buruzko Master Aurreratua eskainiz, Ganteko Arte Eskolarekin lankidetzan.

Beste alde batetik, Einstein on the beach laneko ahotsak Ganteko Ahots Ikastetxeak (Collegium Vocale Gent) jartzen ditu, Philippe Herrewegheren ekimenez Ganteko Unibertsitateko adiskide talde batek 1970ean sortutako taldea. Abesbatza musikan interpretazio barrokoaren jardunari buruzko ideia berriak erabili zituen lehenengo taldeetako bat izan zen. Bere soinu gardenak ospea lortu zuen nazioartean, mundu osoko kontzertu eta musika jaialdi tenplu nagusietan aritzeko aukera emanez.

Musikariak lanean

Ekoizpen lan propio horren erdigunea libretoko musika partitura eta soinua dira. Entzuleek poz handiz jasoko dute 3 ordu baino gehiagoko bainu minimalista, minimalismo goiztiarraren freskotasuna eta erradikaltasuna lotuz. Musika da erakutsi behar dena: zuzeneko 200 musika minutu interpretatzeko erronka fisikoa eta mentala.

Lanari eta konposatzaileari buruz

Einstein on the Beach 1976an estreinatu zen, Steve Reichen Music for Eighteen Musicians estreinatu zen urte berean. Bi maisu lan horiekin Estatu Batuetako minimalismoak, azkenean, lur azpiko eszenako itzaletatik irten eta entzule kopuru handiak izan zituen bat-batean.

Pieza abesbatzarako eta ensanble anplifikaturako dago idatzita, ganbera taldearen eta pop bandaren arteko formula hibridoa (Philip Glassen taldean modelatutako unean): bi teklatu jotzaile organoak eta sintetizagailuak, saxofoiak, txirulak eta klarinetea jotzen. Horrez gain, Glassek, Albert Einstein beraren enkarnazioa izan behar omen zen biolin jotzaile bakarlari bati deitzen dio.

Einstein on the beach lanak, Glassek gazte zenean gauzatu zituen musika esperimentu erradikalen aztarnak ditu oraindik, entzulea harrituta uzten duten gehiketa edo kenketa aritmetiko prozesuak jasaten dituzten oso musika motibo laburrak metatuz gauzatzen direnak. Ez dugu ahaztu behar Philip Glassek 60ko hamarkadaren amaieran hasi zuela bere ibilbidea (1937an jaio zen), New York erdialdeko eszena artistikoko abangoardiako kide ilun gisa, Parisen oso egonaldi emankorra egin ondoren. Bertan Nadia Boulanger izan zuen irakasle, eta Ravi Shankar sistar maisuarekin oso topaketa eraginkorra izan zuen. Indiako musikaren aurrean begiak eta belarriak zabaldu zizkion, eta hori oso garrantzitsua izan zen Glassentzat, bere estiloa berrasmatzeko orduan.

New Yorken dagoeneko, zurruntasunerako, kontzentraziorako eta murrizketarako joera finkatuta zegoela ikusi zuen. “Musika minimalistaren” garaia zen. Bertan zeuden LaMonte Young, Terry Riley edo Steve Reich konposatzaileak, motibo baten antzekoak ziren “zelula” laburrak edo iraupen luzeak eta etengabeko errepikapenak zituzten oso nota luzeak sortuz. Glass, bere estruktura berriak konposizio harrigarri bilakatzen hasi zen, eta horien inguruan eratu zuen bere musika taldea. Bere lana nahiko erradikala, zaratatsua eta intentsua zen. Leku klasikoetan aritu beharrean, bere adiskide artisten arte galerietan, museoetan eta loft-etan jotzen zuten. Einstein on the beach lanak bere teknika minimalista erradikalaren gorengo mailan dagoen Philip Glass erakusten digu, zorroztasunez eta antzerkiko erresoluzio berriz jardunez. Bere burbuila-soinua oso azkarra da eta, aldi berean, modu hipnotikoan geldoa.

Sol LeWitten, Richard Serraren, Donald Judden eta garai hartako beste askoren arte minimalistarekin zuen harremana finkatu egin zen, eta musika minimalista New Yorkeko eszenaren parte bilakatu zen, ikus-artistekin, dantzariekin eta dramaturgoekin batera. Arte inguru horretan ezinbestekoa zen Glassek, bizkar gainean dagoeneko zenbait ekoizpen lan azpimarragarri zituen Robert Wilson zuzendaria aurkitzea. Wilson eta Glass 1974an hasi ziren elkarrekin lanean, XX. mendeko figura ikonikoaren erretratu bilakatuko zen egitasmoan. Une batez Hitlerrengan eta Gandhirengan pentsatu zuten, baina azkenean Albert Einstein aukeratu zuten. Euren operaren behin behineko izenburua “Einstein on the beach on Wall Street” zen; ez Glassek ezta Wilsonek ere ez dute gogoratzen zergatik kendu zuten “Wall Street”-i buruzko erreferentzia euren laneko prozesuan.

Einstein on the beach 1976ko Avignongo jaialdian estreinatu zen, Europako kontzertu aretoetatik eta operetatik bira arrakastatsuari ekin aurretik. Azkenean, New Yorkeko Metropolitan Operak Glass eta Wilson gonbidatu zituen, Einstein lanaren bi emanaldi eskaini zitzaten. Estatu Batuetako estreinaldia oso bultzada handia izan zen Glass eta Wilson Estatu Batuetako estetika minimalista berriaren erreferente bilakatzeko.

Einstein on the beach lanak "opera" izena hartu zuen, eta Glassek opera konposatzaile gisa egin duen ibilbidearen benetako hasiera markatzen du. Lan horrekin, Glassek eta Wilsonek erabat berria zen opera mota baterako eredua eman zuten: ez narraziozkoa, estatikoa, irudi eta letra asoziatiboekin eta keinu txikiena ere kontu osoz koreografiatuta dagoen ia errituzko prozesuarekin.