LEIOA. Bihar amaituko da Leioako Umore Azokako aurtengo edizioa. Igandeko 12:00etatik 14:30era Azokak bere azken 6 emanaldiak eskainiko ditu. Aurtengo Leioako Umore Aozkan Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 46 konpainiak parte hartu dute.

Igandean Leioako Umore Azokan arituko diren konpainiak hauek dira: Trakamatraka, bere musika tailerrarekin, Antón Coucheiro, Le Guignol Orthopedique, Demode Quartet eta Tobia Circus. Horrez gain, Zirkun Zirko Eskolak Leioako eskolako artista txikiekin prestatu duen emanaldiaz gozatu ahal izango dugu, “Tokiko Eszena” ekimenaren barruan.

Programazioa amaitu eta berehala, Umore Azoka Leioa 2019ko Sariei buruzko epaimahaiaren erabakia ezagutaraziko da, Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria eta Euskadiko Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria kategoriatan. Epaimahaiaren erabakia ikuskizunaren kalitate artistikoan, kalitate teknikoan, orijinaltasunean, sorkuntzan, berrikuntzan eta erakargarritasunean oinarrituko da.

Aurten epaimahaia osatuko dutenak hauek izango dira: Amagoia Garaizabal Clown eta Pailazoen Arrigorriagako Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Anna Gribet Firatárregako Zuzendari Artistikoa; Carlos Morán Serantes Kultur Aretoko Zuzendaria eta Titulartasun Publikoko Antzokien, Auditorioen, Zirkuituen eta Jaialdien Espainiako Sareko Presidentea; Fernando Marín KaldeArteko-Vitoria-Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiko programatzailea; eta Valentín Rodríguez Réplicako, Kanarietako Arte Eszenikoen Enpresen Elkarteko, Presidentea.