donostia - 2018ko urtarrilean iritsi zinen Etxepare Institutuko zuzendaritzara. Zein izan da zure lana epe honetan?

-Aurretik banengoen lantaldean. Egokitu zitzaidan jarraipena egitea, batez ere, 2017an marraztu zen Plan Estrategikoari. 2017-2020 bitarteko ildo estrategikoak onartu ziren garai horretan eta ni kultur alorreko arduraduna nintzen. Ondo ezagutzen nuen zer esaten zen plan horretan. Egun, aurreko ildo guztiak martxan daude: euskararen irakaskuntzan, irakurletzen sarea eta katedren sarea; eta kulturaren promozioan, diru-laguntzak eta bestelako hamaika proiektu txiki eta sakabanatutakoak. Halere, badaude berritasun pare bat.

Zeintzuk?

-Bereziki bi. Euskara Munduan programa gure gain hartu dugu: horren bitartez euskara eskolak ematen dira euskal etxeetan. Sortu zenetik Habek kudeatzen zuen, baina 2017tik par-tzialki eta 2018tik osoki Etxeparek kudeatzen du. Bestalde, Scotland Goes Basque programa martxan jarri dugu. Ohiko ildoez aparte, zerbait osatuagoa edo ikusgarriagoa egiteko beharra ikusi zen. Horretarako toki zehatz batean urte osoko programa bat osa-tzea erabaki zen. 2017-2020 plangin-tza estrategikoan jasotzen zen ideia hori. 2018an prestatzen aritu ginen, 2019an Eskozian egiten ari gara eta 2020an Quebec-en egitea da gure ideia.

2020tik aurrerako Plan Estrategikoa lantzen ari zarete?

-Oraindik ez. Lan nahikoa daukagu ditugun gauzak garatzen. Egia esan, plan horretan markatzen ziren ildo gehienak betetzen ari gara. Plan horretan ere esaten zen Etxeparek ez zuela modu isolatuan lan egin behar, Kultura Sailak egiten duen lanaren osagarri izan behar zelako; koordinazio eremu horri esfortzu asko eskain-tzen diogu. Jaurlaritza mailan ere, Basque Country estrategiarekin bat egitea eskatzen zuen.

Etxepare Institutuak euskara eta euskal kulturaren “enbaxadore” gisa definitzen du bere burua. Ez da lan erraza izango.

-Ez da erraza, ez. Esan nahiko nuke kulturan enbaxadore txiki-handi asko daudela. Maila batean enbaxadore dira gure sortzaileak eta kanpoan gurearen testigantza ematen duen ia-ia edozein euskaldun ere enbaxadore da. Etxepareri egokitzen zaiona da, maila formal batean, enbaxadore lan zehatz batzuk egitea eta zubi berriak eraikitzea beste kultura batzuen enbaxadore direnekin, sortzaileek errazago izan dezaten kanpora joatea.

Nola?

-Ahotsa du institutu gisa beste foro batzuetan, kultur diplomazia deitzen dugun horretan. Batetik, gainontzeko kultur eta hizkuntza institutuekin batera Europa mailako EUNIC elkartean gaude eta parte hartzen dugu beste hainbat foroetan. Interlokutore moduan horrela funtzionatzera ohituta dauden hamaika erakundeekin gaude. Alegia, badakitenak zein den institutu baten lana: kultura ezagutarazi eta hizkuntza irakastea. Harremanetan jartzea ere bada institutuen helburua eta gurea ere bai. Horregatik, askotan, bidaiak ez dira joanekoak bakarrik, joan-etorriko eragin bat ere sortzen dute.

Beste institutuekin konpetentzia dago?

-Osagarritasuna dagoela pentsatu nahi dut. Egia da Etxepare oso ezberdina dela beste institutu gehienekin alderatuta. Alde batetik, dimentsioaren kontua dago. Gure herria, kultura eta hizkuntzaren dimentsioa kuantitatiboki dena da eta beste batzuen aldean txikia dela esango nuke, baina garrantzi aldetik inondik inora ez da txikiagoa. Guk gure tokia berdin-berdin borrokatzen dugu. Gainontzeko institutuak osagarri gisa ikusten ditugu, ez gaude beste inoren menpe.

Zer leku du euskarak eta euskal kulturak munduan?

-Euskarak baditu oso berezi eta oso exotiko egiten duten ezaugarriak: hizkuntzaren izaera bera, jatorri ezezagunak misterio handia ematen dio... Hizkuntzak berak munduan baditu bereizgarri batzuk oso erakargarri egiten dutenak, bai ikasteko, bai ikertzeko. Euskal kulturak ere baditu ezaugarri batzuk paregabeak direnak. Alde batetik, hemen bakarrik gertatzen direnak eta, bestetik, oso erraz konektatu daitezkeenak beste kultura batzuekin. Ez gara gauza itxi bat eta ez dugu izan nahi. Gure sor-tzaile eta eragileek oso maila altuan ari dira lanean eta, horri eskerrak, berezko tokia hartzen dute kanpoko jaialdi, programazio eta guneetan. Meritu hori haiei dagokie eta guri dagokiguna da kanporatze horretan baldintzak errazagoak izan daitezela nolabait, mugikortasuna susta-tzen edo ate berriak jotzen lagun-tzen. Gu laguntzaile batzuk gara.

Institutuak zortzi katedra ditu munduan sakabanaturik.

-Katedrak mundu akademikoko programak dira. Doktorego mailan edo ikerlari lanetan ari direnak erakarri nahi dituzte, haiengan jakin-mina piztu nahi dute. Katedra guztiak ezberdinak dira, herrialde eta unibertsitate bakoitza desberdina den bezalaxe. Orokorrean, urtero programa akademiko bat sustatzen dute, irakasle aditu bat edo batzuekin. Kasuren batean bada katedraren bat ikerketa bultzatu nahi duena.

Katedra hauek zer erakargarri eskaintzen diete tokian tokiko iker-tzaileei? Adibidez, Bernardo Atxaga katedrak zer eskaintzen dio estatubatuar bati?

-Katedra bakoitzak badu ildo zehatz bat, baina ez du esan nahi esklusiboa denik. Bernardo Atxaga Katedra lehena izan zen, New Yorken. Literatura eta kultura orokorrean jorratzen ditu. Badago beste bat hizkuntzalaritzan zentratuta dagoena, beste bat erbestean, diasporan, arte plastikoetan... Adibidez, Atxaga Katedran euskal zinea jorratu daiteke lotura eginda beste gai zehatz batzuekin, dela literatura, direla gai historiko-politikoak. Adituak ez dira beti euskaldunak soilik, bertako unibertsitateak ere adituak proposatzen ditu. Eskaintzen dutena da aldian aldiko gai eta ikuspegi zehatz eta sakon bat. Tartean beti dago euskal kasua.

Katedra berriren batean lanean ari zarete?

-Argentinako Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas-en (Conicet) urte pare batez programak egin ditugu, baina ez genion, orain arte, forma egonkor bat eman. Aurten Argentinarekin harremanak estutu egin ditugu eta nahi izan diogu programa honi beste egitura sendoago bat eman; katedra forma hartuko du.

Bederatzigarren katedra horrek zer gai landuko du?

-Kultura eta identitatearen gaia landu nahi dute modu zabalean ulertuta. Orokorki hori izango da gaietako bat. Oraintxe zehazten ari gara.

Institutuak bekak, laguntzak eta irakurletzak ere eskaintzen ditu. Ez dakit horiek guztiek itzulkinik baduten.

-Oraintxe, Leipzig-eko unibertsitatean gure irakurle den Unai Lauzirika doktorego tesia egiten ari da, hain zuzen, horretan. Hau da, laster emai-

tza zientifiko samarrak izango ditugu galdetzen didazunari erantzuna emateko. Berak pentsatu zuen gaia interesgarria izango litzatekeela, guretzat oso interesgarria da. Besteak beste, guk emandako datuekin ari da lanean. Katedretan eta irakurletza saretatik pasatzen direnek jarraipena ematen diete hor ikasitakoei. Beraien lan propioetan eragina ere badu; hori horrela ote den eta zer neurritan ote den aztertzen ari gara.

Euskal kultura bere horretan, guztiak bezalaxe, oso zabala da. Esango nuke, egun, bere adierazle nagusiena zinema dela. Zer lan egiten du Etxeparek sektore honekin?

-Pelikula baten ordezkariren bat ezaugarri batzuk dituen jaialdiren batera gonbidatzen baldin badute, laguntza-poltsa bat eskatzeko aukera ematen diogu joan dadin hori aurkeztera. Ez da berdina jaialdi batean filma bakarrik bota-tzea edo horren testuingurua azalduko duen zerbait egitea. Bestetik, baditugu guk sustatutako programa batzuk, urtero errepikatzen direnak. Etxepare sortu baino lehen existitzen zen Kimuak programa Euskadiko Filmategiarekin batera kudeatzen dugu. Kimuakek laburmetraiak aukeratzen ditu eta, gero, nazioarteratze lana egiten dugu. Gero, badaude euskal leihoak deritzogunak ere, euskal zinea urtero ematen dutenak leku zehatz batzuetan. Adibidez, Nanteseko jaialdian eta Pariseko Dífferent jaialdian. Eskozian ere ari ginen eta, orain, Scotland Goes Basque ekimenarekin fuerteagoa izango da. Azoketan ere presentzia daukagu, baina ez gara eragile bakarra, Eiken klusterra eta Zineuskadi ere badaude.

Eskozian euskal zinemaren atzera begirako zabala proposatu duzue.

-Normalki kanpoan mugitzen diren filmak edo sarbidea lortzen dute zirkuitu komertzialean edo jaialdien zirkuituan. Beste zirkuitu bat ere badago eta horretan lan egiten dugu: euskal etxeak edo unibertsitateak. Ez bakarrik zineman, beste diziplinetan ere. Zineman banaketa profesionala lan sektoriala da eta ez dagokigu guri. Jaialdietan, esan bezala, laguntzak ematen ditugu. Ikusten genuen atzera begirako estilo honetan aukera gehiago zeudela, azken produkzioak emateko joera baitago.

Zergatik Eskozia eta zergatik Quebec?

-Arrazoi antzekoak, bien kasuan. Alde batetik, leku batzuk aukeratu nahi genituen non harremana ez zen zerotik hasiko. Bai Eskoziarekin, bai Quebec-ekin baditugu gauza asko komunean, identitate aldetik, hizkuntzarekiko, kulturalki harrotasun eta nahi bat... Lotura hori bazegoen lehendik, ez dugu ezer asmatu. Kulturalki badituzte gure sortzaileentzat oso interesgarriak diren gune batzuk. Eskoziaren kasuan jaialdiak, oso garbi. Horregatik, gure urteko programazioa jaialdi ezberdinen inguruan egituratu dugu. Quebec-eko kasuan hainbat alorretan oso esanguratsuak diren eragile batzuk dituzte. Gainera, Basque Country estrategian herri hauek ere jaso-tzen ziren.

Eskoziako kasuan ez dira diziplina guztiak jorratzen?

-Ezin ditugu guztiak jorratu. Orain, bereziki, herri musika edo folka jorratu dugu. Eskozian arte plastikoari buruz ez dugu ezer sartu programan. Gure nahia da denei kasu egitea urte batetik bestera. Ulertu behar da hango eragileak ere alor batzuei besteei baino irekiagoak daudela. Urte luze bateko lana da programa bakoitza martxan jarri aurretik.

Quebec-eko eredua zein izango da?

-Hango Gobernuarekin oso estuki lanean ari gara, oso ondo ulertu du gure proiektua. Deialdi bat egin dugu, haiek beraien kultur eragileekin eta guk gureekin. Bakoitzak bere aldian, galdetu du ea interesa daukaten beste aldeko eragile batzuk ezagutzeko, elkarlanerako asmoarekin. Oso erantzun ona jaso dugu alde bietan; uztailaren 4, 5 eta 6an 20 bat lagun ekarriko ditugu Quebec-etik hona hemengoak ezagutzera. Horretan oinarritu nahi dugu 2020ko programa. Kasu honetan, Eskoziakoan baino denbora gehiago izan dugu lantzeko.

Eskoziako programak itzulkinik ere izango du?

-Handik hona gauzak egongo dira, seguru. Gure jomuga jaialdiak ziren baina ahalegina egin dugu hango eta hemengo eragileak gurutzatzeko. Adibidez, abuztuan Edinburgoko nazioarteko liburu jaialdira zenbait autorerekin joango gara eta hemengo jaialdi batzuetako arduradunekin ere. Donostiako Zinemaldiak dagoeneko izendatu du Eskozia gonbidatu berezia izango dela atal zehatz batean. Abuztuan ere, han eskoziar eta euskal dantzak nahastuko dituen dantza tradizionaleko ikuskizun bat antolatuko da. Handik hona ere etorriko da.

Scotland Goes Basque programan 2016tik zetorren Chejov vs. Shakespeare ekimen epistolarra berreskuratu duzue. Iban Zaldua eta James Robertson ari dira horretan.

-Pentsatu genuen oso modu polita izango zela horri jarraipena emateko Eskoziako programan txertatuz. Eskoziarrekin profilak ikusten aritu ginen. Gure nahia zen, ingelesez idazteaz aparte gaelikoz edo scottsez aritzea. Bigarren honi tiraka, Robertson izan zen hautatua. Guk Iban Zaldua egoki ikusi genuen haren bikote izateko. Momentu honetan elkar idazten ari dira, fase horretan gaude. Udarako emaitza izango dugu. Nazioarteko liburu jaialdian elkartuko ditugu eta hemen ere bueltan izango dira.

Kultur Hirburutzako ‘Europa Transit’ ekimena ere eramango duzue bertara.

-Europa Transitek bisitatu zituen gatazka egoera bizi izandako edo bizitzen ari diren hiri desberdinak Europan. Horietako hiru izango ditugu jomugan Eskozian. Hori udazkeneko sasoirako izango da.