Lur argitaletxerik gabe eta Ibon Sarasolaren “senik” gabe Egunero hasten delako eleberria, euskal literaturako lehen nobela modernoa, ez zen inoiz argitaratuko. Horrela onartu du bere autore Ramon Saizarbitoriak, 50. urteurrenaren harira egin den edizio berriaren aurkezpenean. Idazlearen esanetan, bere opera primaren testua lantzean “ardurarik gabe” eta “deshinibizioz” aritu zen, “idazte aldera”. Sarasolaren “sen” horrek bultzatu zuen Lur argitaletxeko edizioa, gaur Ereinen bitartez, azaleko diseinu originalarekin, berrinprimatu dena.

“Literaturak balio sinbolikoa” duela aitortzen du Saizarbitoriak eta, umil, berak obraren arrakastan eta gaur egungo arretan meriturik ez duela iritzi du: “Onartzen dut eta esker-tzen dut, baina kontziente naiz ez dela nire meritua 1944an jaio izana, ezta alderdi onak eta txarrak zituen egoera batean heldu izana gaztarora”.

Lur argitaletxea 1969. urtean bertan sortu zuten Saizarbitoriak, Sarasolak, Gabriel Arestik eta Arantxa Urretabizkaiak, besteak beste. Hala ere, gaiari erreparatuz -abortua “era naturalean eta alde bezala” lantzen duen testua da- zentsura ere pasa behar izan zuen. Garai horretan gaztelaniaz horrelakorik argitaratzerik ezinezkoa izango zela aipatzen du donostiarrak.

XVI. mendetik “abortuaren alde tragikoa” landu zuten obra dezente kaleratu dira Estatuan; Luis Martin Santos donostiarra bera Tiempo de silencio (1962) eleberrian tonu horretan hurbildu zen gaira. Arestiren gomendioz, Antonio Arrue euskaltzainarengana jo zuen Saizarbitoriak. Asteasuarra karlista eta erregimenaren zentsorea zen, baina obrari onespena eman zion: “Esan zidan gauza hauek beste hizkuntzetan ere egiten baldin baziren, euskaraz ea zergatik ez. Dudan jartzen dut gizonak irakurri ote zuen edo ez”.

Argitaratu bai, baina Egunero hasten delako ez zen gehiegi irakurri. Lur argitaletxeko bazkideek “militantziagatik” erosi zuten. “Euskara laguntzeko egiten zuten, ez irakur-tzeko; horrek amorrua ematen zigun. Ez zen normala harpidedunek irakurtzen ez zituzten liburuak erostea”, gogoratzen du idazleak.

Eleberriaren “balio sinbolikoaz” harago, oraindik egunerokotasun osoa duen gaia aipatzen du idazleak, “zoritxarrez ez da zeharo zaharkitu”. Edizio berriak, iragana ikertzeko eta oraingoarekin alderatzeko balio badute, “ongietorriak dira” bere ustez; horrela, “zentzu kritikoarekin” etorkizuna “aurreikustea” posible izango delako. “Oraindik abortuaz badago zer esana”, dio gogotxarturik. Nobelak abortuaren hiru kasuak irudikatzen ditu Gisele protagonistak bisitatzen dituen hiru medikuen bitartez: “Debekua, epeen legea eta balizko kasua”.

Espainako tradizio eta sukaldeko mahaietan egiten ziren abortu izugarri horiez aldendu egin nahi du baina, modu berean, ez du “abortuaren festa” bat irudikatu nahi. Abortuaren aldeko nobela izanik, praktika “desdramatizatu” nahi du: “Oraindik ere gaia ateratzen denean, jendea tragiko jartzen da, ez da nahikoa desdramatizatu”.

garaiaren emaitza Beñat Sarasola idazleak urte osoko programazio bat osatu du urteurrenaren harira. Lehen ekitaldia pasa den Liburuaren Egunean ospatu zen; Gipuzkoa plazan eleberriaren irakurketa publikoa egin zen, hain zuzen ere.

Hemendik aurrera hiriburuan zenbait ekitaldi egingo dira. Irailean izango den Poesia Orduak programan eleberriaren errezitaldi musikatua izango da; gainera, Literaktum jaialdian mahai-ingurua eta ibilaldi literario bat izango dira eta EHUko Udako Ikastaroetan eleberriari buruzko jardunaldi irekia antolatu dute.

Sarasolarentzat Egunero hasten delako “obra aitzindaria da, euskal literaturara modernitatea ekarri zuena”. 1968ko maiatza, Arantzazuko biltzarra eta Lur taldearen sorreraren garaikidea da argitalpena. “Garaiaren emaitza da”, beraz.

Iñaki Aldekoa editoreak ere Sarasolaren ildo beretik jarraitu zuen eleberriaren edizio berria aurkezpen ekitaldian. Gogoratu zuen Saizarbitoriak 1968ko apirilean bukatu zuela eleberria eta “giroan zegoen” eta Europan ohikoa zen modernitate hura “zurrupatu” zuela. Sexuaren “beste dimentsio” berriaz, “existentzialismoaz”, “desinhibizio gazteaz” eta “ironiaz” beteriko lehen nobela egin zuen donostiarrak.