TXISTUA Ekialde Hurbileraino eramatea. Hori da Garikoitz Mendizabal txistulariak lortuko duen marka. Bihar bere musika-tresnarekin bidaia luzea egin ondoren, Libanoko hiriburuan, Beiruten, emanaldi oso berezia eskainiko du zestoarrak. Bilboko Udal Txistularien bandaren zuzendaria izateaz gain, bakarlari gisa ere jarduten du, estatuko eta nazioarteko puntu askotan banaezina den bere instrumentuarekin kontzertuak eskainiz.

“Bitxikeri polit bati esker” sortu zen biharko kontzertua, Libanoko Orkestra Sinfonikoarekin batera izango dena Mendizabalen arabera. Izan ere, orain dela hiru urte sortu zen kontzertua eskaintzeko ideia. Abadiñon bere txisturekin ohiko kontzertu bat baino izango ez zena, mugak gainditzeko aukera batean bihurtu zen; izan ere Naji Hakim Libanoko konpositoreak, bere emanaldia ikusi, eta txundituta geratu ostean bere txistuarentzat eta orkestrarentzat obra bat sortuko zuela esan zion. Horri esker, “Libanon Orkestra Filarmonikoak kontzertua programatzea lortu du hala, euskal kultura eta txistuaren presentzia kanpoan eta orkestraren mundu dotore horretan presente izatea atzerrian hito inportantea lortuz”.

Garikoitz Mendizabalek errepertorio hau joko duen lehenengo aldia izan ez arren, (pasa den urtean Baionan bertsio bat aurkeztu zuen) “erredukzio bat eginda pasa den urtean estreinatu nuen, baina orain jatorrizko bertsioa estreinatzera noa, bestea erredukzioa izan zen”, oraingo honetan, jatorrizko bertsioaren estreinaldi mundiala egingo du gipuzkoarrak.

Kontzertuaren lehenengo partean bakarlari gisa egongo da Mendizabal, orkestraren aurrean, bere txistuarekin Irribarrea joko du, Beiruteko ikusleen aurrean, Xabier Zabalaren “balada zoragarria”. Ondoren, txistu eta danbolinarekin demostrazioa egin eta orkestraren txanda izango da, Harout Fazlian-en zuzendaritzapean.

Txistuaren garapenarekin sakonki konprometituta dago Garikoitz Mendizabal txistularia. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da egun; hala ere musika talde ospe-tsu askorekin egin du lan, hala nola Korrontzi, Gozategi edeota Xabier Zabala bezalako musikariekin; Gasteizko Txistularien Bandaren zuzendari ohia ere izateaz gain.

Horregatik, ez da Euskal herritik kanpo ateratzen den lehenengo aldia, izan ere beste kontinenteetan ere izan da bere txistuarekin. Horren adibide dira San Petesburgon eta Hego Korean izandakoak, bertan, harrera izugarrizkoa dela aipatzen du eta zestoarrak. “Orkestrarekin egoten naiz, eta oso ohitua egoten dira jende eta instrumentu desberdinekin egotera, baina txistuaren potentzial interpretatiboarekin “flipatuta” gelditzen dira. Haientzat ezezaguna den instrumentu batekin, soinu batekin, lehenengo mailako musika jo daitekeela ikusteak asko harritzen ditu atzerritarrak”. Alabaina, “euskal kultura eta txistuaren enbaxadore izateko nahi hori”, barneratuta duela onartzen duen musikariak edonora joanda ere, erreakzioak beti onak direla dio; nahiz eta herrialde bakoitzean erreakziona- tzeko era oso desberdina.

Ibilbide luzea

Instrumentu honen ibilbide luzea aitortzen du zestoarrak, izan ere azaltzen duenez, “euskal instrumentu antzinakoena da txistua”. Gainera, “gurea dela adierazi daiteke inongo dudarik gabe. Leku handia betetzen du eta etorkizun handikoa da. Betetzen duen lekua galdu ez duen lekua da, dantzari laguntzearena. Hori bermatuta dago; egunerokotasunean txertatuta”. Gainera, notorietate mediatiko handia ez duen arren, musikariaren arabera txistua “ez da inoiz modan egon baina ez da inoiz modatik pasako”.

Txistua euskal kulturarekin estuki lotuta dagoela argi dago, baina edozein estilorekin jorratu daitekeenaren isla dira Mendizabalek kaleratutako 14 diskak, ganbara musikarekin, jazzarekin... azken urteetan nahasketak eta musikari desberdinekin hainbat lan kaleratu ditu gipuzkoarrak. Horien artean, nabarmentzekoa da 2012an kaleratu zuen Txistu Symphonic lana. Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin egin zuen grabazioan, txistua musika klasikoaren estatus gorenera eramatea lortuz. Diskoa Euskalduna Jauregian estreinatu zen, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Gipuzkoarrak adierazten duenez, “lan horiek ateak irekitzeko balio dute, batzuk urrunago eramango zaituzte besteek gutxiago... baina bakoitzak bere estiloa jorratuko du”.