Euskara sustatu, sorkuntzaren bidez. Euskaraz sortu, euskaraz bizitzeko. Erronka horri helduta, Euskal Herriko Unibertsitateko Publizitate eta Harreman Publikoak graduko 120 ikaslek hartu dute parte Noticias Taldeko Ortzadar kultur gehigarriaren Lehenengo Lehiaketa Grafikoan. DEIAk eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, gazteen artean euskararen erabilera susta-tzea du helburu egitasmoak, eta lehen edizio honetan, 30 lan baino gehiago jaso dituzte asmo horri jarraiki. Bilboko Berreginen Museoan ospatu zen atzo sari banaketa. Bertan izan ziren, besteak beste, Sorkunde Ayarza museoko zuzendaria eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia.

Proposamenen artean era guztietako leloak aurkitu zitezkeen: Ginen, gara? eta izango gara? galdetu zuten batzuek. Hitz egin nire eskuari, baina euskaraz!, zirikatu zuten beste batzuek. Gaurkotasunak ere bere tokia izan zuen zenbait ikasleren karteletan: talde batek Franco bera ekarri zuen azalera, Errepresioaren bukaera, euskararen hilerria lelopean. Mezu gordin horrekin, “debekuak adoretsu bihurtzen gaituela” adierazi zuten egileek. Zure esku dago, inork ez zaitu tirokatu, erantsi diote kartelari.

Aurkeztutako lanen artean, bost nabarmendu ziren Bilboko Berreginen Museoan ospatutako sari banaketan, kartelaren egitura, diseinua, kalitatea eta mezuaren indarrean oinarrituta. Horietako bat izan da Carlos Diazek, Paula Isasik eta Claudia Peñak egindakoa: Euskal Herriko mapa osatu dute, Euskal Herriko ohiturak laburbiltzen dituzten esaldi kateen bidez. “Euskarari agur esaten badiogu, ezin izango dugu berriro kaixo esan”, jarri zuten haren azpian. “Kartela ikusten duen oro identifikatuta sentitzea bilatu dugu, hainbeste gogoko ditugun ohiturak euskaraz jaio zirela gogoratuz”, adierazi zuten egileek ekitaldian.

Igor Clerenciak, Xabier Gonzalez de San Pedrok eta Gonzalo Carrillok, bere aldetik, hizkuntzarekin jolastea erabaki dute haien kartela osa-tzeko. Ezpain is Different lelopean, ikurrinaren koloreekin marraztu dituzte ezpainak, “euskararen berezitasuna nabarmentzeko helburuz”. “Espainian barrena, gehien ezberdintzen gaituena horixe da, gure ezpainetatik irteten dena”, zioten bere sortzaileek.

Hirugarren sarituek gaztelaniazko mezu batekin deitu nahi izan dute ikusleen arreta: quiero mi lengua en tu boca esaldiarekin, hain zuzen. Javier Sotok, Nataly Montañok eta Patricia del Castañok izan dute ideia, “hizkuntza jakiteak baino, euskararen osasuna erabilerak ezartzen duela” aldarrikatuz.

Tradizioa eta modernitatea elkarren eskutik islatu dituzte laugarren sarituek, Euskara Berri bizi lanarekin. Paula Martinez, Paula Martin eta Javier Vaz arduratu dira hura diseinatzeaz, abarka zahar bat eta kirol zapatila bat oinetako bakarrean uztartuz: “gizarteak bere horretan eboluzionatu dezake, baina jatorria ez dugu inoiz ahaztuko. Hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da”, aldarrikatu zuten egileek.

Bukatzeko, Natalia eta Victoriaren Euszentrikoa lana nabarmendu zuen epaimahaiak. “Euszentrikoa naiz, eta harro nago”, zioten egileek. Eszentriko hitzarekin jolastuz, euskara jakitea harro sentitzeko arrazoia izan behar duela azpimarratu nahi izan zuten: “mundu handi honetan pertsona xelebreak bihurtzen gaitu euskarak, eta harro esan behar dugu euskaraz dakigula”, adierazi zuten egileek.

Bost izan dira lehen edizio honetan saritutako lanak, baina Ana de Castro Aldundiko Euskara Zuzendariak nabarmendu zuenez, lehiaketaren bidez lortutako helburu garrantzitsuena “euskaraz eta euskararen inguruan egindako sormen lanen kantitatea da”. “Izugarri pozten nau, zuek, sortzaileek, euskaraz sortzeko erakutsi duzuen gaitasunak. Berebiziko garrantzia du sor-tze prozesuak euskaraz izateak, eta ez alderantziz, horrek egiten baitu benetan pertsona bat euskaraz bizi-tzea”. De Castroren esanetan, “sormena eta euskara uztartuz gure hizkuntza biziarazteko aurrerapausu garrantzitsua ematen ari gara, etorkizunean, zuen lanbideetan ere, euskaraz pentsatu eta kalitatezko produktuak sortzeko kapaz zaretela erakusten ari zaretelako”.

Halaber, hizkuntza eremu formaletik haratago erabiltzeko gonbita luzatu zien De Castrok gazteei: “hartu euskara eta atera kalera. Jaietan, maitasunean, kirolean, norbere buruan? Guztion erronka da euskara bizirik mantentzea, gure ondokoari euskaraz hitz egitea eta gure ondorengoei altxorra uztea. Bizi gaitezen euskaraz!”.

Lehen edizioaren arrakasta ikusita, datorren urtean Ortzadar Lehiaketa Grafikoa berriz ere burutzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek. DEIA egunkariak sortu zuen Ortzadar kultur gehigarria, 1997. urtean, eta Noticias Taldeak kaleratzen du larunbatero, euskal kulturaren esparru guztietako sormenei arreta eskainiz. Ildo horretan, “oro har gaztelaniaz idatzitako egunkari batek euskarari eskainitako tarte zabala” azpimarratu zuen Aldundiko Euskara Zuzendariak, “Aldundiak eta DEIAk euskararen sustapenerako agertutako elkarlanerako konpromisoa” nabarmenduz.