Síguenos en redes sociales:

eLiburutegiak bere mailegu-erronka eta erabiltzaile kopurua gainditu zuen 2018an

29.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituen eta 57.180 mailegurekin itxi du urtea

eLiburutegiak bere mailegu-erronka eta erabiltzaile kopurua gainditu zuen 2018ann.g

BILBO. Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urtean zehar izandako 29.134 erabiltzailerekin eta 57.180 mailegurekin, aurreko urtean baino 11.724 mailegu gehiago, amaitu du 2018a. Joan den urtean eskaera handiena izan zuten hiru argitalpenak hauek izan dira: 19 Kamera, Jon Arretxerena; Ezekiel, Jasone Osororena, eta Patria, Fernando Arambururena. Joan den urtean eskaera handiena izan duten 15 maileguen artetik zortzi euskarazko argitalpenak dira eta gainerako zazpiak gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskaintzen dituen filmei dagokienez, eskaera handiena izan dutenak izan dira Amama, Asier Altunak zuzendua; Loreak, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendua, eta hirugarrena, Ozzy animazio-filma, Alberto Rodriguezek eta Nacho la Casak zuzendua.

Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena den eLiburutegia atariak 2018an izan du azken urteetako hazkunderik handiena; 6.901 erabiltzaile berri gehitu zaizkio, eta gainditu egin ditu 2017ko eta 2016ko kopuruak. Gainera, 2018an, eLiburutegiak gainditu egin du bere mailegu-errekorra: 57.180 mailegu, aurreko urteko 45.456 maileguen aldean (aurreko errekorra). Filmak eta audioliburuak Daisy formatuan eLiburutegira gehitzearen aldeko apustua izan da erabiltzaile eta mailegu gehiago lortzea eragin duen faktoreetako bat. Izan ere, erabiltzaileen eta maileguen kopurua nabarmen gehitu zen ekainetik aurrera, urtea amaitu arte, hain zuzen ere filmen maileguari ekin zitzaionetik. Mailegu gehien izan ziren 2018ko hilabeteak, hurrenez hurren, hauek izan ziren: urria (5.899 mailegu), uztaila (5.282), ekaina (4.956) eta abendua (4.916).

Aurten maileguan eman diren aurreneko hiru obren ondoren ?guztiak euskal autoreenak (Arretxe, Osoro eta Aramburu)? ondokoak ere daude lehenengo bost postuetan: Las hijas del capitán, María Dueñasena, eta Bihotz handiegia, Eider Rodriguezena. Bestalde, nabarmendu behar da Jasone Osorok eta Jon Arretxek beste hiru lan dauzkatela gehien mailegatu diren 15 lanen artean. Osororen kasuan, Ezekiel nora ezean eta Eskularru beltzak dira; halaber, Arretxeren 19 Cámaras (19 Kamera-ren gaztelaniazko itzulpena) 14. postuan dago.

Bakarrik euskarako liburuei erreparatuz, gehien mailegatu direnen artean agertzen dira, baita ere, Jenis Joplin, Uxue Alberdirena, eta 612 euro, Jon Arretxek idatzia. Halaber, gehien mailegatu diren gaztelaniazko 10 lanen artean agertzen dira Luz Gabásen Regreso a tu piel, Eva García Sáenz de Urturiren El silencio de la ciudad blanca eta Marcos Chicoten El asesinato de Sócrates.

Iazko ekainetik eLiburutegiko erabiltzaileek filmak maileguan hartzeko aukera dute eta, harrezkeroztik, bi izan dira gehien mailegatutakoak: Amama, Asier Altunak zuzendua; eta Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena. Hauen ostean gehien mailegatu direnak El Grúfalo, Max Lang eta Jakob Schuhena, eta Ozzy filmaren euskarazko bertsio, Alberto Rodriguez eta Nacho la Casarena.

Guztira, 16.400 liburu ezberdin izatez gain, eLiburutegiak 1.800 pelikula eta Daisy formatuko 600 audioliburu inguru ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua da laster 2.000 film izatea eta horien artean 300 inguru euskaraz izatea. eLiburutegia liburutegi digitala, Estatuko garrantzitsuena, 2014ko azaroan sortu zen, egile-eskubideak babesten dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzak du mailegu bakoitzeko zenbateko bat ordaintzeko ardura eta, horrela, erabiltzaileei kultura-eduki digitaletara doan sartzeko bidea eskaintzen die. Filmen kasuan, eFILMekin lortutako akordio bati esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, batez beste, 50 zentimo ordaintzen ditu mailegu bakoitzeko.

Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak alta eman behar du Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko (EISP) liburutegi publikoren batean. Horrela, liburutegiko txartelaren bidez, erabiltzaile-izena eta sarbide-gakoa izango ditu; halakorik eduki ezean, EISPko liburutegi batera joan daiteke eskatzera. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak ia milioi bat erabiltzaile ditu.