'Still Life', bullying-aren eta homofobiaren aurkako antzerkia Arriagara dator
Stefano Ricci zuzendariak Erroman benetan gertatutako kasua erreferentzia gisa hartu du
BILBO. Denboraldi honetarako Arriaga Antzokiaren programazioak nazioarteko harribitxia ekarriko du, mundu osoan ospe gehien duen Italiako konpainietako bat den Ricci/Forteren eskutik. Still Life antzezlanak, erabateko gaurkotasuna duen gaia lantzen du, egungo gizarteko arantzatsuenetakoa, ziurrenez: bullying-a. Eta, zehatzago esanez, ukitu homofobikoak dituen jazarpena, Erroman gertatutako benetako kasua erreferentzia gisa hartuz.
Diskriminazioak eta jazarpen psikologikoak, irudimenaren errepresioa eragiteaz gain, auto-suntsiketarantz bultza ere egiten dute. Stefano Riccik zuzentzen duen eta urtarrilaren 25ean, ostiralean, arratsaldeko 19:30etik aurrera Arriaga Antzokian ikusi ahal izango dugun ikuskizunak, leku guztietan dagoen zerbait irudikatzen du; baina batez ere institutuetan dago, eta bertan ezartzen du bere paradoxa, bilakatuko garen artaldearen mugak agerian utziz. “Biktima bakarrerako bost ahotseko masakrearen” aurrean gaude, bullying homofobikoari buruz berba egiteko eta sexu nortasunaren edo beste edozein arrazoiren ondoriozko bazterketari aurre egiten ahalegintzeko.
Italierazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko eta euskarazko gain-tituluekin, eskainiko den obrak, Anna Gualdok, Piersten Leiromek, Liliana Laerak, Giuseppe Sartorik eta Simon Waldvogelek osatutako antzezle taldearen lan bikaina erakusten du. Esperientzia handiko lehen mailako antzezleak dira.
Omenaldia eta errebindikazioa
Ricci/Forte konpainia italiar ospetsuak, bere bufanda arrosarekin eskegiz bere buruaz beste egin zuen nerabe erromatarraren omenaldi eta oroitzapen gisa egin du antzezlana. Horrela, antzerkiak, errealitatea ikusteko modu berriak bideratzeko tresna izan nahi du, norbanakoen erabakiak eta izaerak errespetatuz.
Izan ere, Ricci/Forte konpainiak, politika egiteko prozesu gisa defendatzen du antzerkia, politika, herritarrek polisaren barruan duten erantzukizun gisa ulertuta. Metrailadore bati eutsi behar barik. Konpromiso hori bereganatzea ausardia ekintza bilakatzen da, gehienetan nahiago izaten dugulako ez ikustea, eta gogoeta egitera behartuko gaituzten galderak saihesten ditugu. Jarrera hori, fantasiaren errepresioaren eta auto-suntsiketaren gelaurrea da.
Sinopsia
Izenak, lerroan eta egunkarietan, bata bestearen gainean. Biktimen biktimak, minutu batzuk igaro ondoren ahaztu beharreko jolas gisa. Etengabeko hutsunea. Munduaren pasibotasunak hor jarraitzen du. Bere bizitza, amore ematea erabaki duen seme bati bideratu dion ama baten esfortzua izaten jarraitzen du. Ikastetxe bateko igarobideen artean xuxurlatutako marmar bakoitzarekin apurtzen den arnasa ez sentitzeko ozen jarritako tekno musikaren zarata izaten jarraitzen du. “Berandu da!” egiten dio oihu Untxi Zuriak hazteko beldur den Aliziari.
Solasaldia emanaldiaren ondoren
Stefano Ricci, obraren zuzendaria eta Ricci/Forte konpainiaren buruetako bat (Gianni Forterekin batera), Bilbon egongo da, eta antzezleekin batera, solasaldia eskainiko du emanaldiaren ondoren. Bertan, antzezlanaren proposamen artistikoa edo lantzen duen gaia aipatuko dira, eta baita bertaratutakoekin izandako solasaldian sor daitezkeen bestelakoak ere.