Síguenos en redes sociales:

Onintza Enbeitak burua eta bihotza erabili ditu txapela merezita janzteko

Etxahun Lekuerekin buruz burukoa jokatuta, lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi du muxikarrak Bilbon

Onintza Enbeitak burua eta bihotza erabili ditu txapela merezita janztekoOskar González

Bilbao - Urduritasuna, emozioak, malkoak eta barreak final handien ezinbesteko osagai dira. Atzo Miribillako Bilbao Arenan jokatutako saioan ez zen halakorik falta izan. Finalaren aurretik, Miren Amurizak iragarri zuen alde emozionalak eragin handia izango zuela, eta horretan trebeena Onintza Enbeita da. Bihotzetik, barru-barrutik kantatzen du beti muxikarrak, eta atzokoaren gisako hitzordu batean, berak behar zuen txapeldun.

2006tik, urte birik behin, hutsik egin gabe jokatu izan du Enbeitak Bizkaiko finala. Azkenik, bigarren mailako aktore izateari utzita, euskal makila eskuan eta txapela buruan irten zen Miribillatik. 4.350 zale ingururen epeltasuna su bizi bihurtu zen Idoia Anzorandia aurkezleak txapeldunaren izena esan zuenean. Zaleek bazuten gogoa Enbeita goren-gorenean ikusteko.

Pronostikoei kasu eginaz, berdintasun handia egon zen, puntu bikainak eta akats txikiak tartekatu zituzten denek. Zortziko handian saioari neurria hartu, eta zortziko txikian hasi ziren bertsolariak onena ematen. Karaokean jarri zituen gai-jartzaileak Enbeita eta Nerea Ibarzabal, eta muxikarrak ondo aprobetxatu zuen, hain gogoko duen Rocío Juradoren Como una ola aipatuta, metxa pizteko.

Hamarreko txikiko ariketa ere ondo abiatu zen. Erakusleihoetako manikiek islatzen duten mundu faltsuaz gogoeta polita egin zuten Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabalek. Onintza Enbeitak eta Etxahun Lekuek, gerora buruz burukoa jokatuko zutenek, umorearen mugez hausnartu zuten. Neska jaio baina mutil sentitzen den bost urteko umearen gurasoen azalean, Aitor Bizkarra eta Miren Amuriza txukun aritu ziren: “Alferrik da hainbeste terapia saio/ nortasuna garatzen utzi behar zaio”, bota zuen Bizkarrak.

Eneko Abasolo, Abarkas iurretarrak publikoa piztu zuen, lagun hil berriaren hiletan elizan sartu nahi ez duenaren paperean. “Abadeak esan du, zerura joan dela/ Ai, nik badakit hori egia ez dela/ Aitorrek infernua gurago zuela”, biribildu zuen Jone Uriarekin egindako bertsoaldia.

Bakarkakoan, etxe kaleratze batera deitu duten suhiltzailea izan zen Xabat Galletebeitia: “Badakit behar dela baina nola egingo dut hau/ gero nire kontzientziak barrutik kiskaltzen banau”, kantatu zuen. Onintza Enbeitak, bikotekideak jakin gabe beste batzuekin sexu harremanak zituen. “Berrasmatzen jakin ezean hiltzen da maitasuna”, hasi zen. Bikotekideak ez ziola azala “oilo-popatzen” ere esan zuen.

Puntuek aginduta, Onintza Enbeita eta aurreko txapelduna, Etxahun Lekue, iritsi ziren buruz burukora. Olentzero eta Mari Domingiren azalean biek gozatu zuten zortziko txikian. Ondoren, Enbeita sendoago aritu zen. “Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu”, zen bakarkako gaia. “Aurretik daukat mundu oso bat, eta atzetik senarra”, azaldu zuen egoera Enbeitak lehenengo, eta hirugarren bertsoan, kolpea: “Baina nik inori eskatu behar deutsat ba orain baimena?/ Neure barrutik atera nahi dot behin izan nintzena”.

Epaileek 843,5 puntu eman zizkioten Enbeitari; Lekueri, 814,5. “Kosmosa nire alde egon da, gaiak nire aldekoak izan dira”, aipatu zuen finalaren ondoren txapeldunak. Batez ere, zortziko txikian bere burua “solte” ikusi zuen, eta azken bakarkakoan gaia parez pare etorri zitzaion, “pentsatu dut hura zela nire gaia, beti eskemak apurtzen ibiltzen naiz eta”. Bizkaiko txapelketa irabazi duen lehenengo emakumea da Enbeita. “Saltoa emateko ordua izan da”, aipatu zuen.

Etxahun Lekuek onartu zuen beste egun batzuetan baino irregularrago aritu zela. Saioko gazteena, aurreneko finala zuen Aitor Bizkarra, pozik zegoen amaieran, zortzigarren lekuan amaitu arren: “Niretik eman dut”. Nolanahi ere, sailkapena estu-estu egon zen, hirugarrenetik zortzigarrenera alde txikia egon zen. Abarkasek azpimarratu zuenez, “talde giro itzela” egon zen finalisten artean.

Irabazleari txapela janzteko unea beti izaten da berezia, baina atzo sekula baino gehiago. Izan ere, Jon Enbeita osabak jantzi zion Onintza Enbeita ilobari. Agurreko bertsoan txapeldunak gogoan hartu zuen etxean jaso zuela bertsotarako zaletasuna. Belaunaldiz belaunaldi, aittitta Balendin lehenengo, osaba eta lehengusu-lehengusinak gero, Onintzak hartu du lekukoa: “Plazaz plaza bueltau nahi dot, jaso dodan maitasuna”.

Onintza Enbeita843,5 puntos

Etxahun Lekue814,5

Xabat Galletebeitia493

Jone Uria489

Nerea Ibarzabal489

Miren Amuriza486,5

Eneko Abasolo463,5

Aitor Bizkarra461,5