Tolosa - Nola sortu zaizu erakusketa hau egiteko ideia?
- Pantor editorialarekin lehen ere lan egin dut eta oraingoan nirekin haremanetan jarri ziren gai ezberdinak proposatzeko, izan ere liburu bat era osatu dut erakusketarekin batera. Proposatutako gaien artean zegoen eskuen gaia, eta ni txunditua nago betidanik komunikazioan eta giza-harremanetan eskuei ematen diegun erabilera eta zenbat erabiltzen ditugun eskuak.
Eskuak dira, beraz, erakusketaren haria...
-Bai, atentzioa ematen didan gaia da. Ama izan naizenetik ikusi dut haurra laupabost hilabeterekin nola jabetzen den bere eskuez eta aurretik, haurdunaldian laztanekin ere badago komunikazioa...
Nola antolatu duzu erakusketa?
-Gaiari heldu nion, baina bidean ikusi dut askoz sakonagoa dela. Gure kulturaren ikuspegitik egin dut erakusketa eta beste argazkilari batek, munduko beste leku batzuetan, seguruenik beste argazki batzuk egingo lituzke. Era berean, konturatu naiz euskarak zenbat hitz dituen ‘esku’ erroarekin, esaterako; eskubidea, eskuzabaltasuna... eta erakusketan txertatu nahi izan ditut. Argazki bakoitzak esaldi laburra darama eta koloreztatuta dago argazkiaren atalaren arabera. Bost atal daude: umeak, keinuak, indarra edo energia, lan-sormenerako erabilitakoak, eta keinu kolektiboak gizartean erabiltzen ditugunak.
Erakusketa honetarako espresuki egin dituzu argazkiak?
-Gehienak erakusketarako sortuak dira, baina batzuk urte asko dituzte. Urte asko daramatzat argazkiak ateratzen eta eskuak beti hor daude, nahi gabe ere ateratzen dira.
Zure inguruko jendea, tolosarrak, erabili dituzu zure argazkietarako, ezta?
-Bai, herriko jendearengana jo dut. Oso hunkigarria izan da jendeak bere denbora eta bere irudia nola eman didan eta beraiei eskaini nahi diet liburua. Beraiek gabe, lanik ez dago. Era berean, eszenak sortzerakoan Tolosako arlo ezberdinak islatuta egotea nahi nuen; kirolariak, sukaldariak, musikariak...
Adin ezberdinetako jendea azaltzen da, anonimoak, aurpegi ezagunagoak...
-Ume asko azaltzen dira, gazteak, ez hain gazteak, ezkondu diren bi neska, aurpegi ezagunagoak Rafa Gorrotxategi gozogilea edo Matias Gorrotxategi parrileroa, mutuen hizkuntzarekin ere argazki bat badago...
Argazki kamera hartzen duzunean, beraz, pertsonak interesa-tzen zaizkizu?
-Asko gustatzen zait jendearekin lan egitea, erretrato asko ditut. Paisaiak ere asko ditut, baina agian ez erakusteko moduan.
Zergatik erabaki duzu zuri-beltzean egitea erakusketa?
-Oso kolorezalea naiz, baina koloreak bere arreta eskatzen du eta nabarmenagoa geratzen da keinua hainbeste informazio ez badago, hau da, kolorea kenduta.
Noiztik zabiltza argazkigintzan?
-Estetikaren munduak asko erakarri nau betidanik, baina ikasketak oso bestelakoak egin nituen. Ingeniaritza Informatikoa egin nuen, baina multimedia arloan sartu nintzen Donostiako eskola batean. Eta duela hogei urte edo hasi nintzen argazkigintzan, ezkontza erreportajeak eta bestelakoak egiten.
Orain zure kontura lan egiten duzu, gustura zaude?
-Bai, Zerkausi parean dut estudioa. Niretzat lanera joatea zoragarria da, oso pozik joaten naiz. Lan bakoitzarekin disfrutatu egiten dut.
Zer ematen dizu argazkilaritzak?
-Edertasunarekin disfrutatzen dut eta jendearekin harremanetan egotearekin. Lortzen dudanean argazki batean laburbiltzea pertsona horrek transmititu nahi duena edo ospakizuna irudi dotore batean biltzea, oso ondo sentitzen naiz.
Zure lehenengo erakusketa da hau?
-Ez, orain dela urtebete Tolosako txokoen erakusketa bat egin nuen Fronton Kafetegian. Inguru polit batean, ondo argiztatuta dagoen leku batean, nire argazkiak erakustea gogoko dut.
Lehiaketetara aurkezteko ohiturarik baduzu?
-Ez. Nire estudioan eta nire jendearekin lan egin dut orain arte kanpora gehiegi ireki gabe.
Gipuzkoako txokoa. Tolosako Zerkausia, hor nago egunero eta izugarri gustatzen zait.
Paisaia idilikoa. Zumaiako flyscha, gure historia erakusten du eta oso basatia da.
Festa edo ospakizuna. Gabon egunak xarma berezia du. Bost seme-alaba ditut eta modu berezian bizi dut, jantziak, kantak, Olentzero...
Mendia. Urkizu ingurua, oso zabala eta polita da.
Hondartza. Gipuzkoakoak baina gehiago Donibane Lohitzunekoa nahiago.
G
ipuzkoatzen