DONOSTIA. Komunikatu baten bidez, antolatzaileek jakinarazi dutenez, fil honen zuzendaria, Milad Alami, (Teheran, 1982) Iranen jaio, Suedian hazi, eta gaur egun Danimarkan bizi da. Haren film laburrak Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldirako eta Clermont-Ferrand jaialdirako aukeran sartu dira.

Azkenekoak, "Mommy"-k (2015), Danimarkako Akademiak film labur onenari emandako saria eskuratu zuen. "Charm*ren" /"The Charmer" bere lehen film luzea da. Protagonistak, iraniar gazte batek, Danimarkan geratzeko aukera segurtatuko dioten emakumeak ezagutu nahi ditu.

Daniel Kokotajlo (Manchester, Erresuma Batua) Arte Ederren alorretik datorren gidoilari eta zuzendari autodidakta da. Proiektu-garapenerako iFeatures programan bitan aukeratutako zuzendari bakarra izan da; hain zuzen, 2012an "The Prefect"-ekin eta 2015an "Apostasy"-rekin. Apostasy proiektua bere lehen film luze bihurtu da. Jehovako lekukoen jarraitzaile familia bat du ardatz.

Bestalde, "Village Rockstars" Rima Das (Assam, India) gidoilari, ekoizle eta zuzendariaren bigarren film luzea da. Aurrez, "Man with the Binoculars: Antardrishti" (2016) film luzea idatzi eta zuzendu zuen Dasek, eta Tallinn Black Nights zinema-jaialdian lehiatu eta Mumbaiko Jio MAMI zinema-jaialdiko Indian Story sailean parte hartu zuen lan horrekin. "Village Rockstars" filmaren protagonista gitarra bat lortzeko irrika duen hamar urteko neskato bat da.

Hiru film horiek gehitu dira jadanik jakinarazitako lanen zerrendan; hala, hainbat herrialdetako hamahiru ekoizpen -Argentina, Belgika, Kolonbia, Hego Korea, Txile, Txina, Espainia, Filipinak, Frantzia, Suedia, Suitza eta Taiwan- izango dira Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehian.

Nazioarteko epaimahai batek ematen du saria, 50.000 eurokoa, zuzendariarentzat eta filma Espainian banatzen duen enpresarentzat. Gainera, sail honetako filmak Gazteriaren EROSKI saria lortzeko hautagai ere badira. Azken hori gehienez ere 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslez osatutako epaimahai batek erabakitzen du.