Komediak urtero izaten du bere lekua Donostiako Aste Nagusian eta Txalo produkzioakek, hori jakinik, publikoarengan barre algarak sortuko dituen proposamena dakar. Begoña Bilbaok zuzendutako Etxeko Saltsak antzezlana hilaren 18an estreinatuko da An-tzoki Zaharrean eta ikusgai izango da 20ra arte. Alan Ayckbournek idatzitako obra da, eta bertan, Ginnyk bere maitalea Greg engainatzen du Philipekin, sekretua mantentzeko, hainbat gezur sortuko dituelarik. Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino aktoreak izango dira oholtza gainean.
“Enreduzko komedia da, gaizkiulertuz betetakoa eta oso dibertigarria”, azaldu du Begoña Bilbaok. Bere ustetan, antzezlan batekin barre eragitea ez da lan erraza, “ez baitakizu nola erantzungo duen publikoak”; hala ere, kasu honetan ikusleek oso momentu onak pasako dituzte ikuskizunarekin.
Obra originala lehendik ezagutzen zuen, irakurrita baitzeukan, eta proiektu berri bat sortzean, lan honetan pentsatu zuen. “Oso komedia ingelesa dela esan daiteke, euren izaerari lotutako ezaugarriekin jolasten baitu”, dio zuzendariak. Horregatik, behar diren aldaketak egin arren, London inguruan kokatuta egongo da eta bertsio originalaren antza izango du, obra motzagoa bada ere.
Gidoia egokitu ondoren, uztailean hasi ziren entseguekin eta hilabete honetan, egunero obra prestatzen ari dira. Aktoreekin egin beharreko lanean, pertsonaiek istorioak markatutako bidea jarraitzen dute, “hor baitago umorea” Bilbaoren ustetan, eta eszena bakoitza egokitzen joan dira, “puntu komikoa gehiegi ez pasatzeko”.
Eszenografiari dagokionez, sinpletasunera jo dute: “Bi kokaleku daude eta eszenografia errealista sortu dugu, koloretsua”, azaldu du zuzendariak, bere ustetan, eszena bakoitza koka-tzeko aproposak direla azpimarratuz.
Bide batez, Aste Nagusiko hitzordua estreinaldia izango dutenez, jende animatu zuen: “Komedian publikoaren erantzuna oso lagungarria da”, azpimarratu zuen, eta ikusleek ere eskertuko dutela hitzeman zuen. Sarrerak jada salgai daude Donostia Kulturaren web orrialdean eta an-tzokiko leihatiletan 15 edo 20 euroren truke.