BILBO. Guggenheim Bilbao Museoak Ken Jacobs New Yorkeko artistak 2013an egindako "The Guests" (Gonbidatuak) artelana aurkeztuko du ostegunean, uztailaren 27an. Lan hori lehenbiziko aldiz aurkeztuko da Espainiako Estatuan.
Museo bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, bideoartea, bideoinstalazioa eta irudia mugimenduan darabiltzaten artelanak erakusteko 2014an ireki zenetik Film & Video aretoan ikusgai izango den hamaikagarren artelana izango da.
Ken Jacobs artistak (New York, 1933) bere emazte eta lankide Florence Jacobsekin batera sortu zuen "The Guests", eta zinemagintzaren sortzaile izan ziren Lumière anaien jatorrizko film bat baliatu zuten horretarako, bietako baten alaba 1896an ezkondu zenean grabatu zuten filma, hain zuzen.