BILBO. Eskarmentu eta prestigio handiko sortzaile hauei strip-tease gaia sormen iturria duen antzezlan bat sortzea eskatu die Loraldiak. Hari probokatzaile honetatik tiraka, biluzteari ekiteko lau era ezberdinen lekuko izango gara. Loraldia Festibalak arrisku artistikoak hartzeko konpromiso irmoa adierazi du lau hazietara eta hona hemen horietako bat. Hauek dira ‘Strip-tease’ antzezlanaren piezak, 10 eta 20 minutu arteko luzaera dutelarik:

Orduan, ez naiz biluztuko?

Strip-tease hitza entzun orduko irudiak, galderak, kitzika, kezkak, adostasunak, itzal eta argiak pilatzen zaizkigu buruan; haiek eranzten hasi eta ez da erraza jakiten bero edo hotz bukatuko dugun. Lau aktore strip-tease casting batera aurkezten dira. Gorputzak baino, gizarte honen miseriak azalaraziko dira.

Egile eta zuzendaria: Jokin Oregi.

Aktoreak: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai.

Musika: Adrian Garcia de los Ojos.

Lady Godiva: ikusten ez dena, ez da

Antzezlan honetan lehenengo biluzte erreibindikatiboa gogoratzen da. XI. mendean, Lady Godiva izeneko emakume bat Coventry konderri ingeleseko kalez kale paseatu zen, zaldi baten gainean eta biluzik, zergak bajatzeko eskatzeko.

Zuzendaria: Garbi Losada

Gidoia: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria

Aktoreak: Klara Mendizabal, Aitor Beltran eta Asier Hernandez

Irudiak: David Bernués

Zutaz blai

Garun paralisia sufritzen du eta gurpildun aulkian mugitzen da Telmo Irureta aktorea. Bere harremanak eta bizipenak abiapuntu hartuta, desio biluztuen eta biluztearen desioak jorratuko dira pieza honetan.

Zuzendaria: Mireia Gabilondo

Gidoia: Telmo Irureta, Mireia Gabilondo

Aktoreak: Telmo Irureta, Eneko Balerdi, Haritz Morras, Oskitz Gorrotxategi.

Irudiak: David Bernués

Jantziak: Ana Turrillas

Begirunea

Bere aitonaren gauzen artean aurkitzen duen emakume biluzi baten argazki aurpegi gabearen misterio sentsualak gure narratzailearen jakinmina piztuko du? eta geurea ere bai.

Zuzendaria: Fernando Bernués

Dramaturgia: Fernando Bernués, Alfredo Sanzolen lan batean inspiratuta.

Aktoreak: Sara Cozar, Iñaki Rikarte

Argazkiak: Juantxo Egaña

Jantziak: Ana Turrillas

Eszenografia: Fernando Bernués