Andoain - Hilaren 26an, Loraldia jaialdiak konbidatuta, Lou Topet eta hainbat lagun igoko dira Bilboko Arriaga Antzokiko oholtzara Eutsiko diogu, Pete! The Seeger Basque Sessions saioa eskaintzeko. Joserra Senperena, Joseba Irazoki, Harkaitz Cano, Eñaut Elorrieta, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Izaro eta King Konsul ariko dira Zarauzko taldearekin. Pete Seeger gogoan grabatu berri duten diskoaren lau abestiez gain, beste hamar bat doinu euskaratu eta moldatu dituzte, besteak beste, Buztan urdineko eulia (Fly Through My Window), Kutxa Ttipi (Little Boxes), Bob Dylanen Ez pentsatu horretan (Don’t Think Twice, It’s Allright), Mailu bat banu (If I Had a Hammer) eta Izan bagara (We Shall Overcome) ereserkia. Azken kanta hau Eutsiko diogu izenpean moldatu zuen Garik duela gutxi, baina Canok beste itzulpen bat egin du. Gainera, litekeena da Turn, Turn, Turn, Jarama Valley eta Kisses Sweeter Than Wine errepertorioan egotea, baina Oier Aranzabal kantariak sorpresa gorde nahi du, oraindik sortze prozesuan baitaude murgilduta. Dena den, gauza bat ziurtatu du. Pete Seegerrek berak kontzertuetan egin ohi zuen bezalaxe, publikoaren partehartzea ezinbestekoa izango da: “Jendea abesten jarriko dugu lehen kantatik”. - J.G.A.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
