Síguenos en redes sociales:

Patxi Huarte: “Amorratua nago azkenaldian, umore gutxiago eta erreflexio gehiago egin nahi dut”

‘De Rerum Natura’ komiki bildumaren seigarren alea kaleratu berri du ‘Zaldieroa’-k, azken bi urteetako hirurehun zinta baino gehiagorekin irudizko laburpen bat osatuz

Patxi Huarte: “Amorratua nago azkenaldian, umore gutxiago eta erreflexio gehiago egin nahi dut”

BILBO - Beste behin ere, gauzen berezko izaera komiki bihurtu du Patxi Huarte Larraburuk (Faltzes, Nafarroa, 1966), Zaldieroak, De Rerum Natura bildumaren liburu berrian. Seigarrena da hauxe, azken bi urteetako hirurehun zinta baino gehiago biltzen dituena. Arkatza zorrotz, burua argi, poesia eta metafora gehiago ekarri ditu lan honetara, Twitterreko “komunitate txiolari”aren ekarpenak ere marraztuz.

Santi Leoné idazleak, ‘De Rerum Natura 6’ liburuaren aurkezpenean izan zenak, zinta poetikoen gorakada nabarmentzen du. Gero eta poetikoago dabil ‘Zaldieroa’?

-Bai, erabaki kontzientea izan da, Twitterrekin lotuta dagoena. Astero sare sozial horretatik txio bat hartu eta marraztu egiten dut, eta aukeraketa horrek gehienetan osagai liriko bat edukitzearekin du zerikusia. Beraz, lirikotasuna igo da, baina normalean ez dira nire ideiak izaten, besteengandik hartutakoak baizik.

Twitterreko txioen aukeraketa horrek erabat aldatu du irakurleekin duzun harremana. Hein batean, egileak bere bakardean marrazteari utzi dio?

-Nire kasuan, jendearekin zuzeneko harremana daukat Twitterren. Komunitate txiolari bat sortu dugu eta bakarrik marraztearena aldatzen joan da, dudarik gabe, orain nire irakurleak nire zinten gidoilari bihurtu ditudalako. Horregatik, auzolana egiten ari garela esatea gustatzen zait.

Ideien zurrunbilo horretan, nola egiten duzu komikiratuko dituzun eduki edo txioak aukeratzeko?

-Aste osoko prozesua da. Zazpi egun horietan gogoko batzuk aukeratzen joaten naiz, eta astelehenean, horien errepasoa egin ondoren, guztietatik bat hartzen dut. Hala ere, gerta daiteke asteleheneko zeozer har-tzea, aktualitateari estu lotua dagoelako.

Auzi eta tesi konplexuak hiruzpalau binetatan laburbildu beharrak buruhauste bat baino gehiago ekarriko zizun. Nolakoa da sintetiza-tze prozesu hori?

-Egia esan, buelta asko eta asko ematen dizkiozu buruari egunero gaiekin. Momentu honetan marrazten ari naiz, adibidez, ETAren armagabetzeari buruz. Gai konplikatua da, mila lekutatik hartu daitekeena, eta asko pentsatu behar da ezer egin aurretik.

Gai horri buruz lan dexente egin izan dituzu, ‘The Organization’-eko pertsonaien bitartez. Noizbait kritikarik jaso izan duzu?

-Bai, noizbait jaso izan ditut, baina oso gutxi dira. Esango nuke hamabi urtetan bi kritika izan direla. Asko ere izan dira, ordea, zoriondu izan nautenak, ETAko kideak ere barne.

Ba al dago ez jorratzea erabaki duzun gairen bat?

-Noski. Emakumeen aurkako indarkeriarekin ez dut txisterik egiten, oso mingarria delako. Ondo pentsatuta... badira beste gai asko jorratzen ez ditudanak. Terrorismo islamikoaz, adibidez, ez dut erreflexio sakon bat egin. Alferkeriagatik ere ez ditut gai batzuk marrazten (barreak). Atez atekoarekin ere izan ditut nire buruhausteak; ni Gipuzkoan egon izan nintzen bi urtez, ekologista naiz, eta atez atekoaren alde nago. Hala ere, oso polemika bizia zen eta ez nuen gehiegi sartu nahi, ez nituen tintak kargatu nahi nire obsesioekin. Zinta batean edo bestean sartzen dut, baina nire burua libre utziko banu egunero aterako ziren zintak atez atekoaren inguruan. Nik badakit, ordea, hori ezin dudala egin eta irakurleei zerbait orekatua eskaini behar diedala.

Eta guzti horietatik zein gairekin ibiltzen zara erosoago?

-Egia esan, denak marrazten ditut eroso baina asko gustatzen zaizkit irudi berriak ematen dizkidatenak. Duela gutxi atera nuen bat, txio batean oinarritua, non batek esaten zidan bi troll muturka hasten direnean zulo beltz bat sortzen dela. Nik horiek bi planeta bezala irudikatu nituen. Irudi berriak izatea marrazterako orduan asko eskertzen dudan gauza bat da.

Irudi horietan maiz agertzen da ‘Zaldieroa’ bera. Zelakoa da zure burua komikiratzea?

-Egia esan, beti egin izan dudan gauza bat da. TMEO aldizkarian komikiak egiten nituenean, aspaldian, beti ateratzen nuen nire burua. Oso erraza da nire karikatura egitea: beti ibiltzen naiz txano batekin eta txaketa ilunekin. Eta ondo dago nor bere buruaz barre egiten jakitea.

Egilearen egoarekin zerikusirik bai?

-Izan daiteke, bai. Badago Steve Bell izeneko marrazkilari bat, oso ona, The Guardian-en marrazten duena eta bere burua ere komikietan ateratzen duena. Pertsonaia horri Monsieur L’ Artiste deitu dio eta beti irudikatzen du gauza grandiosoak pentsatzen; artistaren kontuak, badakizu!

‘Zaldieroa’ nafartarra da, eta euskalduna. “Palestinarrak bezala bizi dut Nafarroa”, esan duzu noizbait. Zelan bizi duzu zabaldu den ikuspegia?

-Oraindik ez dut iritzi sendo bat, baina azkenaldian ikusten da hezkun-tza ereduak zalantzan jarri dituela Nafarroako gobernuak. Ikusten dut baita ere batzuen aldetik badagoela euskararen aurkako joera Nafarroan, guztiz azaleratzen ez dena baina ateratzen hasi dena. Gai hori bai dela labainkorra, bizi dugun errealitatea. Gobernuak euskararen alde egingo du, baina tentuz jokatu beharko du jendea haserre dagoelako.

Liburuko dedikatoria oso berezia da, Euskalerria Irratiari zuzendua.

-Hala da. Liburua eskaini nahi izan diet bertako guztiei ni ere Euskalerria Irratian ibili naizelako. Dedikatoriarekin batera irudi bat dago, olagarroarena, Ibon Olagarro Gaztanbide deitzen geniolako bertako teknikari bati eta orain justu urtebete betetzen da hil zela. 25 urtez egon gara gogor lanean eta sekulako poza izan da lizentzia lortu izana.

Hainbat kolaborazio egiten dituzu euskarazko hedabideetan, Noticias taldeko ‘Ortzadar’ gehigarrian ere bai. Zelakoa da haien osasuna?

-Edukiei dagokienez, oso-oso ongi ikusten ditut. Euskaraz egiten dugun kultura kalitate handikoa da, baina bitartekoak ez daude ondo babestuak. Diru falta hori nire ibilbide profesional guztian sentitu izan dut. Krisia etorri da gero, gainera... Kalitate handiko gauzak bai, baina diruz faltan beti.

Bertan lanean ari direnen inplikazio ikagarriaz ari zara.

-Bai, diruz egin ez duguna militan-tziari esker lortu dugu. Eta gaur egun arte doan kontua da, ez naiz 70eko edo 80ko hamarkadaz bakarrik ari, oraingo egoeraz ere ari naiz. Eta ez soilik hedabideen kasuan, ari naiz euskal kulturaz, orokorrean.

Zure arlora salto eginez, bizi daiteke komikigintzatik? Edo, hobe esanda, zelan bizi daiteke komikigintzatik?

-Duela denbora gutxi batek esan zidan bere semeak nahi zuela komikilaria izan. Nik erantzun nion pozik egon behar zuela lan polita zelako, baina argi izan behar zuela pobrea izango zela (barreak). Lan honekin ez da dirua irabazten, mantentzea lortzen duzu. Komikigintzatik bakarrik ezin daiteke bizi, oso gutxi dira horiek. Marrazteaz gain hitzaldiak, tailerrak... ekintza ezberdinak egin behar dira.

Haserre dabil ‘Zaldieroa’ azkenaldian, ezkor. Horrela jarraitzen du?

-Bai, bai, horrela jarraitzen du. Azkenaldian amorratuta nago, umore gutxiago eta salaketa edo erreflexio gehiago egin nahi dut.

‘De Rerum Natura’ da zure zinten titulua, alegia, gauzen izaera zelakoa den. Nolakoak dira gauzak ‘Zaldieroa’ren begietatik ikusita?

-Krisia etorri aurretik ikusten zen hau katxondeo bat zela, baina krisiarekin gehiago nabarmendu da. Gauza askorekin engainatu egiten gaituztela uste dut eta hori salagarria dela.

Behin esan zenuen: “Umorea galtzea da nire beldur nagusia”. Oraindik ere beldurra diozu horri?

-Beldur hori mantentzen dut baina uste dut ez dudala oraindik umorea erabat galdu, gauza graziosoak egiten jarraitzen dut noizbehinka (barreak), irribarrea ateratzen dutenak.

Marrazkilari ez ezik, kazetari kontsideratzen duzu zure burua?

-Noski. Ni kazetari kontsideratzen naiz, betidanik egon naiz irratigin-tzan eta hedabideetan. Kazetari sentitzen naiz, ikasketak eduki ez arren.

Presioa sentitzen al du egunero zintak egiten dituen marrazkilariak?

-Bai, egunero sentitzen da presioa, baina normala da. Zerotik abiatzen zarenez... nik, egia esan, aberatsa izango banintz opor batzuk ere hartuko nituzke noizbehinka.

Amaitzeko, Leoné-ren beste esaldi bat: “Zaldieroa’ kultuzko marrazkilari bihurtu behar dugu, Euskal Herritik kanpo bere ezaugarriak goraipatu”. Euskararen erabilerak marrazkiak kanpoan erakusketo aukerak murrizten ditu?

-Guztiz, hala da. Eta euskaratzen ditudan gaiak ere oso bertakoak dira, oso zailak dira beste hizkuntza ba-tzuetara eramateko. Baina, egia esan, ez dut horregatik sufritzen.