Síguenos en redes sociales:

Giza harremanak, 34 istoriotan kontatuak

Irakurlearengan sentimenak sortu nahian, ‘Irlak’ ipuin liburua plazaratu du Agustin Arrietak

Giza harremanak, 34 istoriotan kontatuak

donostia - Hainbat filosofia liburu idatzi baditu ere, Agustin Arrietak egin duen bigarren fikziozko lana da Irlak. Guztira, 34 istoriok osatzen dute egile errenteriarraren ipuin liburua, eta guztiek giza harremanen inguruko gaiak jorra-tzen dituzte, bakoitzak forma bat hartzen duelarik. “Fikzioaren jokoa sortzeko idatzi dut liburua, irakurlearengan kezka, oroimena, adimena eta sentimena sortu nahi ditut, besteak beste”, adierazi zuen atzo Arrietak Erein argitaletxearekin plazaratu duen liburuaren aurkezpenean.

Idatzi zuen aurreko ipuin liburuan bezala -Istripuak (2008)-, era guztietako narrazioak aurki daitezke lan honetan. “Ipuin nahiko luzeak daude, baina baita motz-motzak ere, orrialde bakarrekoak”, azaldu zuen idazleak, eta oso gai ezberdinez hitz egin duela gaineratu zuen. Adiskidetasuna, maitasuna eta zahartzaroa bezalako gaiez mintzatu da liburuan. Adibidiez, Museoa eta Trena izeneko ipuinetan, zientzia-fikzioa da nagusi; Koadrilakoak istorioan memoriak eta hemerotekak lan handia egin dute, oso realista baita; Kar-tzelan eta Irratia ipuinetan umore beltza da nagusi; Erretiroa eta Irlak maitasun istorioak direla esan daiteke; eta Urtebetetzea izenekoan, zahartzaroa da protagonista.

“Estilo aldetik, aniztasuna da nagusi, izugarrizko askatasuna sentitu dut idazteko orduan, ez baitut inongo konpromisorik genero batekin”, adierazi zuen EHUko Filosofia irakasleak. Hala ere, gauzei begiratzeko modu berdina dauka istorio guztietan, azaldu zuenez. “Ipuinak momentu ezberdinetan sortuak dira eta nabari da, baina hari bat dago istorioen artean”, azpimarratu zuen. Gainera, bakoitza anekdota zehatz batetik sortua badago ere, unibertsal izateko ahalegina egin zuen egileak.

Adierazi zuenez, askotan galdetu diote ea filosofo izanda, zergatik jo duen fikziora, eta erantzuna argi dauka: “Auzi antzekoak adierazten ditut bi liburuetan, baina helburua oso ezberdina da; batean tesia defendatu eta argudiatzen dudan bitartean, bestean jendeak pentsaraztea nahi dut”, argitu zuen Arrietak.