‘Jakin’ aldizkariak iazko euskal kultura aztertu du
Hamar artikulugilek osatzen dute 2014. urteko kulturgintzako hainbat arlori lotutako balantzea
BILBO - Urtero legez, 2014an zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzea egin du Jakin aldizkariak bere azken zenbakian. Era berean, Joan Mari Torrealdaik 2013ko euskal liburugintzari buruz egin duen azterketa, zein Gerardo Luzuriagak eta Roberto Kerexetak 2011-2013 urteetako euskal liburutegi digitalen panoramari buruz egindakoa ere irakurgai dira 205. zenbaki honetan.
Hamar artikulugilek osatu dute balantzea, Harkaitz Canok “arnas luzeagoko azterketa” egin duelarik, Jakinetik azaltzen dutenez. Bere azterketaren ondoren datoz Danele Sarriugartek, Iñigo Astizek, Nora Arbelbidek, Alberto Barandiaranek, Garazi Arrula Ruizek, Antton Iturbek, Haizea Barcenillak, Koldo Almandozek eta Iñaki Etxelekurenek egindakoak.
“Biziraupen parametroetan mintzo gara gaur egun, inoiz baino gehiago”. Horra Canok urteko hainbat gertaera aztertu ondoren osatutako epaia. “Argazki gazi-gozo” honen aurrean, Jakinen hi-tzetan, irtenbide posiblea proposatzen du idazleak: “Buruaskitasun ekonomikoa erabateko kimera denez oraingoz, ez litzateke txarra horizontalki eta de facto aspaldian praktikara eramaten dugun buruaskitasun kulturala erakundeetatik benetan bultzatzea”.
Sarriugartek, bere artikuluan, itzulpengintzari lotutako ekarpenak nabarmendu ditu, Igela argitaletxearen 25. urteurrena oroituz. Astiz, bere aldetik, Guggenheim museoaren hitzarmen berritzearen, Donostia 2016 ekimenaren, Durangoko Azokaren eta GEU jardunaldien inguruan aritu da.
Arbelbidek Iparraldeko ikastolen afera aztertu du; Alberto Barandiaranek, naziogintza eta estatugintza prozesuan euskarari ematen zaion garrantziaren inguruko polemikaz egin du gogoeta; Arrula Ruizek 2014an taularatutako hiru pastoraletan jarri du arreta; Iturbek, berriz, musikaren eremuan; Barcenilla arteaz aritu da; Almandozek zineman jarri du begia; eta Iñaki Etxelekuk, azkenik, antzerkigintzan. - DEIA