BILBO - Urtez urte arrakastaren ateetan geratu eta gero, Fredi Paiaren estilo dramatiko-festiboak izan du saria. “Fredirik autentikoena ikusi dugu gaur”, adierazi zuen saioaren ondorengo prentsaurrekoan irabazleak.

Zirkuko akrobata adoretsua balitz legez, Paiak saio guztietan egiten du salto, gorputz eta arima, arriskuari begietara begira. Behingoagatik, bere ausardiak akrobazia perfektua eman dio eta publikoaren txaloen artean jaso du txapela.

Izaera baten, bertsoz bertso dena ematearen aldeko apustuaren garaipena izan zen atzokoa. “Zenbat eta askeago sentitu, bertso hobeak irteten dira”, esan zuen algortarrak. Buruz burukoan presiorik gabe jardun zela ere aipatu zuen, “energiaz bete nintzen”. Psikologikoki beheraldi nabarmenik ez zuela izan eta horregatik gustura zela gaineratu zuen. Arkaitz Estiballesen alboan abesteak ere lagundu zion, “elkarren lagunak gara eta egoera asko errealitatetik hurbil egon ziren”.

Txapela aitari eskaini arren, Fredi Paiak ez zituen bere zaleak ahaztu, txapelketaz txapelketa animatu duten haiek: “Jendeak asko sufritu du nigatik, haiengatik ere poztu naiz”.

Arkaitz Estiballes bigarrenak ez zuen ezkutatu helburua bete gabe amaitu duela Bizkaiko Txapelketa, hirugarrenez irabaztea baitzen bere asmoa. Hala ere, pozik zen amaieran, “bigarren postua ez da onena, baina onenetan bigarrena da behintzat, eta Fredi txapeldun ikusita atsekabea arintzen zait”.

Miribillakoa lehenengo finala zen Oihana Bartrarentzat. Sorterriko oholtzaren gainean, Bilboko bertsolaritzaren aldeko aldarrikapena egin zuen atzokoan, inoiz egon den finalik jendetsuenean. “Bizkaiko bertsolaritza osasun betean dagoela ikusi ahal izan dugu”, azpimarratu zuen Paiak, ildo beretik. Udazkenean zehar jositako saioen ostean, amaiera biribila eskaini zuten finalistek. - D.Piedra