ARETO Nagusiko sauna txikian eztabaida eta hausnarketa politak entzun izan dira egunotan. Jendearen erantzuna ona izan da, oso ona ez esatearren. Horrek berak jarri du bero galdatan orban horiz zipriztindutako bunker zuria.
Maialen Lujanbio bertsolariak eta Niko Etxart musikariak ekin zioten atzo, goiz partean, Uxue Alberdiren batutapean. Kultur tradizioaren transmisioa zen gai nagusia. “Berezkoa du tradizioa bertsogintzak -gogoratu zuen Maialenek-, beraz, ez dugu horretan pentsatzen ibili beharrik”. Eta bertsolaritzaren arrakastaren klabe batzuk aletu zituen: “Garai batean modu naturalean transmititzen zen bertsolaritza, baina hori gaur egun zailagoa da. Horregatik, bertsolaritzak estrategia bat diseinatu zuen, ikastoletan eraginez, bertso-eskolak sortuz? Eta estrategia horren emaitza naiz ni. Bertsolaritzak jakin izan du beti garaikidea izaten”.
Etxartek Iparraldean etxeetan kantatzeko dagoen ohitura gogoratu zuen: “Gauean, gure etxean debekatuta zegoen telebista piztea, eta horren ordez egunero kantatzen genuen abesti bat; etxean euskaraz egiten genuenez, horrela izan da transmisioa ere, euskaraz. Zuberoan oraindik mantentzen da kantatzearen mistika hori”. Baina tradizioari d-a kendu eta traizioa geratzen da: “Rock´n rolla euskaraz egiten hasi nintzenean, Euskal Herrian traidore bezala hartu ninduten, batez ere sektore tradizionaleko jendeak. Rocka euskaraz, pekatu mortala!”. Maialenek ez du horrelako atakarik ezagutu: “Bertsolari beteranoen eskuzabaltasuna handia izan da zentzu horretan, eta erakutsi bai, baina gazte jendearen ideiak ere onartu dituzte, transmisioa ez delako bakarrik goitik behera egiten”.
Zentzu horretan, Hernaniko bertsolaria bera apurtzailea izan da: emakumezkoa oholtza gainean ikustea ia-ia xelebrekeri bat bezala hartzen zen garaian, bestelako bertsogintzarekin harritu zuen zalea, diskurtsoa aldatuz: “Nire kasuan, ahalegina barrura begirakoa izan zen, pentsatu bainuen zirika eta umoretik aparteko zerbait egin behar nuela. Gero bai, gerta liteke horrek bestelako ondorio batzuk ekartzea, baina helburua ez zen izan tradizioa apurtzea”.
Amaitzeko, Altzürükü-ko kantariak bitxikeri bat konpartitu zuen jendaurrean: “Transmisioan komunikabideek badute pisua, eta gure hedabideetan zer gertatzen den aztertu behar da. Esaterako, nik 40 urte daramazkit musikagintzan, eta behin baino ez naute elkarrizketatu ETB2-n”.
Arratsaldez ere, kultur transmisioaren korapiloa askatzeko ahalegina egin zuten Ander Lipus aktoreak, Jon Sarasua irakasleak eta Mari Jose Olaziregi Etxepareko Euskara zuzendariak. Lipusek euskal antzerkiaren gabeziak agertu zituen, Hegoaldea seinalatuz eta autokritika eginez. “Hegoaldean zorotzat hartzen dugu pailazoa edo aktorea; ostera, Iparraldean beste transmisio bat izan dutenez, gure lana ulertu eta baloratzen dute. Hemen ez dugu jakin izan transmititzen arte adierazpenen garrantzia”, salatu zuen markinarrak. “Oso fragmentarioa da gure kultura -gaineratu zuen Olaziregik-, eta dagoena hobeto ezagutzeko ahaleginak egin behar dira, komunikazio gutxi baitago sektore desberdinen artean”.
Baina, geuretasun hori zelan landu? Horrek kezkatzen du Sarasua, eta aretxabaletarrak galderak jarri zituen mahai gainean, barra-barra: “Nora goaz komunitate moduan? Ditugun tresnekin nola jokatzen dugu? Nola aurre egin kanpotik datozan olatuei?”. Hein batean, Lipusek erantzun zion bigarren galderari: “Guk geuk, sortzaileok, sektore edo diziplina bakoitzean eraginez, azpiegiturak sortuz, jendea erakarriz, produktu onak eginez, euskal jendeari erreferentzia euskaldunak emanez, euskarazko imajinario bat sortuz”.
Beste gako bat Hezkuntzan egongo litzateke, Olaziregik adierazi zuen moduan: “Euskal antzerkigileek Hezkuntzan ez dute lekurik. Itzultzaileek berdin. Nola eratu euskal eskola bat kolektibo osoak kanpoan utzi gabe? Hor asmatu beharko genuke”. Sarasua zorro-tzago agertu zen: “Euskal Unibertsitatea lainotan galtzen da maiz”.