BILBO. Modu honetan, Belgikak errepikatu egin du lan irabazlearen sorterri gisa, iazko irabazlea Arnaud Dufeysek idatzi eta zuzendutako "Atomes" film labur belgikarra izan baitzen.
Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du epaimahaiak. Pernille Rose Gronkjaer dokumental zuzendari daniarrak, Salome Lamas zinemagile portugaldar gazteak, Oliver Laxe zinemagile espainiarrak, Itziar Okariz diziplina anitzeko sortzaileak eta Marcela Zamora Chamorro Nikaraguako kazetari eta zinemagileak osatu dute Zinebi 55eko nazioarteko epaimahaia.
Horrela, Borja Cobeagaren "Democracia" (fikzioa) eta Alberto Vazquezen "Secretos de Unicornio" (animazioa) lanek batera lortu dute Euskal Zinearen Sari Nagusia, eta Gerardo Carrerasen "Souvenir" (dokumentala) lanak irabazi du Zine Espainiarraren Sari Nagusia. Horrez gain, Monica Lairana argentinarrak Latinoamerikako Pelikula Onenaren Saria irabazi du, "María" lanari esker. Zinebiren aurtengo edizioan 67 film lehiatu dira Sail Ofizialean.
Zinebi 55eko amaiera ekitaldia Aitor Mazo antzezleak aurkeztuko du, eta arratsalde honetan ospatuko da Bilboko Arriaga Antzokian. Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, Manuel Gutierrez Aragon zinemagile espainiarrak Ohorezko Mikeldia jasoko du, bere filmetan ohikoa izan den Angela Molina antzezlearen eskutik.
Gainontzeko sariei dagokienez, zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Grzegorz Zaricznyren "Gwizdek" (Polonia) filmak jaso du, eta Simon Gillarden "Anima" (Belgika) eta Pablo Brionesen "A beira de Lisboa" (Suitza) dokumentalek Zilarrezko Mikeldia jaso dute.
Fikziozko film onenaren Urrezko Mikeldia batera irabazi dute Barbara Otten "Sunny" (Alemania) eta Marie-Elsa Sgualdoren "Man kann nIcht alles auf einmal tun, aber man kann alles auf einmal lassen" (Suitza) lanek. Kategoria horretako Zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Joäo Pedro Rodriguesen eta Joäo Rui Guerra Da Mataren "Mahjong" (Portugal) filmak jaso du.
Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Luis Soaresen "Outro Homem Qualquer" (Portugal) lanak irabazi du, eta Jochen Kuhnen"Sonntag 3" (Alemania) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.
BESTE SARI BATZUK
Zinebi 55ek beste sari batzuk ere banatu ditu, sari ofizialez aparte. Horrela, EiTBk ematen duen Ikus-entzuleen Saria Kepa Sojoren "Loco con ballesta" filmak jaso du, eta SGAEk eta Euskal Gidoigileen Elkarteak Kepa Sojoren "Loco con ballesta" eta Alberto Vazquezen "Sangre de Unicornio" filmei eman diete Euskal Gidoi Onenaren Saria. FAS Zineklubaren Saria Borja Cobeagaren "Democracia" lanak jaso du.
Gainera, Euskarazko Film Onenaren Saria -Azkue Fundazioaren Saria-, Zinebi 55en berrikuntza izan dena, Asier Urbietaren "Arconada" lanak jaso du. Azkenik, UNICEFek Ukrainako "Vanya" izenburuko lana saritu du, Oksana Artemenkorena.