Donostia. Xabier Amuriza (Etxano, 1941) bertsolari eta idazleak 4x4 operazioa izeneko eleberria aurkeztu du aste honetan Lasarte-Oriako Villa Mirentxu etxean. Lankuk argitaratutako lana Joan ziren zikloko laugarren liburua da. Lehen liburukian gertatu zen fenomeno esplikaezin baten ondorioz, narratzailea munduan bakarrik gelditu da. "Ez dago inor inon". Laugarren honetan, bere beldur nagusia da hizketan ahaztuko ote zaion. Beraz, pentsatzen ahaztuko ote zaion, eta beraz, bere buruaren kontzientzia galduko ote duen. Solaskide bakarra bere oroimena du.

Bertan, historia kolektibo bat aurkitzen eta berritzen du Etxanokoak: 60ko hamarkadaren azken aldeko konbultsioa, non kokatzen den Gogor izeneko apaiz-mugimendua. Mugimendu haren ekintzarik sonatuena Derioko seminarioko itxialdia izan zen, Bizkaiko 70 apaizek buruturik eta poliziak berehala inguraturik, ia hilabete iraun zuena. Ekintza gatazkatsu haren inguruan islatzen da hamarkada hartako "olatuak" nolako iraulia eragin zuen Euskal Herrian, diktaduraren gordin-gordinean. Gertaera egiazko horren eta beste batzuen gainean, historia harrigarriak sortzen dira.

Amuriza Euskal Herriko bertsolarien txapeldun izan zen 1980an eta 1982an. Bertsolaritzaz eta euskarari buruzko saiakerak idazteaz gain, fikzioa ere landu du. Aspaldian idazle sentitzen da, beste ezer baino gehiago.