BILBO. Shakespeare euskaraz zenbat biderrez mintzatu den badakigu. Toribio Altzagak Macbeth euskaratu zuenetik, tarteka ekarri dira euskarara idazle famatuaren testuak. Xabier Mendiguren Bereziartu, Joanes Urkixo, Joxeantonio Sarasola edo Bedita Larrakoetxea ausartu dira horretan, ipuin zein an-tzerki-piezak itzuliz. Hamlet bera ere birritan izan da euskaratua: 1951n Bingen Ametzagak hartu zuen beharlekua (Ekinen), eta 2001ean Juan Garziak egin zuen azken ahalegina, bertsio bikaina onduz Ibaizabal argitaletxearentzako. Horietatik guztietatik edan du Xabier Mendiguren Elizegik, eta, testuinguru historikoa aldatuz, gurera ekarri nahi izan ditu oraingoan Danimarkako printze gizajoaren buru-hauste eta dramak.

Mendigurenen bertsioa ostiral honetan estreinatuko da Luhuson, Lapurdin, eta igandean Bilbon izango da, Arriaga Antzokian (atzo sarreren %80a salduta zegoen jada).

Mendigurenen adaptazioa Artedramak, Le Petit Théâtre de Painek eta Dejabu Panpin Laborategiak ekoiztu dute, eta hiru konpainietako aktoreek parte hartuko dute an-tzezpenean, Errautsak gogoangarrian egin zuten legez.

Atzo, Hamlet gurearen zuzendari Ximun Fuchs eta Xabier Mendiguren bera izan ziren Bilbon, pieza berriaren nondik norakoak ager-tzen. Mendigurenek bere lanaren konplexutasunaz hitz egin zuen: "Niretzat desafio handia izan da, ohituta bainago etxean idazten, neure bakardadean, eta oraingo honetan taldean lan egitea egokitu zait, eskarmentu luzea daukan zuzendariarekin eta aktore talde bikain batekin. Eta ohartu naiz benetako antzerkia egiteko oholtzatik gertu egotea ezinbestekoa dela". Adaptazioari buruz zera esan zuen idazleak: "Hamlet gure garaira, gure begietara, gure herrira ekarri dut, gaur egungo dramak islatzeko".

Ximun Fuchs-ek ere ez zuen larregi argitu nahi izan, igandeko ezusteak agerian ez jartzeko, baina aurreratu zuen Hamlet hau "euskaldun gazte bat" dela, "bere kezka eta pozekin". Funtsean, "enigma bat".