Etxahun Lekuek osatuko du finalaurrekoetako taldea
Lehen postua lortu zuen larrabetzuarrak Oionen, Amurizaren aurretik
bilbo. Larunbatean Oionen jokatutako azken kanporaketak definitu ditu, jada, Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. Sei kanporaketa izan dira guztira, eta 18 bertsolari sailkatu dira hurrengoko faserako.
Hauek dira beraien saioak irabazita sailkatu diren bertsolariak: Jon Martin (Villabonako irabazlea), Agin Laburu (Markina-Xemeingo irabazlea), Julio Soto (Hendaiako irabazlea), Beñat Gaztelumendi (Altsasuko irabazlea), Igor Elortza (Legazpiko irabazlea) eta Etxahun Lekue (Oiongo irabazlea).
Horiekin batera eta puntuazioaren arabera, hauek dira hurrengo faserako sailkatu diren beste hamabi bertsolariak: Jone Uria, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Xabier Silveira, Unai Agirre, Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Jokin Uranga, Iñigo Matzizidor Mantxi, Odei Barroso eta Fredi Paia. Gainera, eta jakina denez, finalaurrekoetan zain izango dituzte duela lau urte zuzenean sailkatu ziren sei bertsolari: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga, hain zuzen.
Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Bigarren itzulira saio bakoitzeko irabazlea eta hamalau puntuaziorik onenak pasako dira. Bigarren itzuliko finalaurrekoak Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dira, azaroaren 23an, 24an eta 30ean.
azkena, oionen Oionen (Araban) eginiko azken kanporaketa ere bertso ederrez hornitu zuten partaideek. Etxahun Lekuek irabazi zuen kanporaketa eta horrekin Tolosako finalaurrekorako txartela lortu zuen. Larrabetzuarrak saio bikaina egin zuen Arroyo I pilotalekuan, bertan batu ziren 740 bertsozaleen gozamenerako. Giro ederra eta bertso-sorta bikainak, beraz. Honen ondorioz, Bertsozale Elkarteak eskertu nahi izan dio Oiongo udalari eta herriko Txandrio bertso eskolari saioa antola-tzeko eman duten laguntza aparta. Patxi Aizpuru Arabako Bertsozale Elkarteko idazkariak behin gogora ekarri zuen moduan, "Txapelketako herriak ez dira gogoeta gabe aukeratzen. Inguru bertsozale euskaldunak, ez hain bertsozaleak, euskarak indar gutxiago duen herriak? denetik bilduko ditu txapelketak. Euskal Herri osoan ari da lanean Bertsozale Elkartea, beste eragileekin elkarlanean, eta txapelketa baliatu nahi da dinamika hau indartzeko".
Eta adi, finalaurre guztietarako zein finalerako sarrerak dagoeneko salgai baitaude www.bertsosarrerak.eu webgunean.