Bilbo. Angoulêmeko komiki jaialdi ospetsura bidean, "zerbait egin behar dugu elkarlanean" errepikatu ohi zioten elkarri Jon Mikel Udakiolak (Hernani, 1965) eta Javier Ojuelek (Donostia, 1966), urtero.

Alai Zubimendi herrikide eta KMK lehiaketaren lehen edizioko irabazlearen bitartez jaso zuen Udakiolak aipatu sariketaren berri. Horixe izan zen Txorimalo komiki sarituaren lehendabiziko hazia. Irudien zirriborroak behin prest, Udakiolak Ojueleri pasatu zizkion eta honek marrazkiak atondu eta koloreztatu zituen. Bere aldetik, Xabier Etxeberria idazleak hitzak erantsi zizkion hernaniarrak pasatu zion gidoiari. Emaitzarekin kontent agertu da lan-taldea. "Oso komiki pertsonala da", dio Udakiolak. Izan ere, pertsonaietako bat autobiografiko samarra da, grafikoki ere bere karikatura dela, Ojuelek aitortu duenez. "Bai, esan genezake ni neu naizela txorimaloaren ondoan dagoena", onartzen du Udakiolak.

Txorimaloa, bestalde, artistaren kontzientzia gisa aurkeztua da. "Sarritan, hamaika proiektu eta ideia alboratzen ditugu kaxoian, urteak pasatzen dira eta azkenean, dela alferkeria dela egunerokotasunagatik, ez ditugu aurrera eramaten -adierazi du-; eta beti aurkitu behar da tartea artearentzat, ni beti saiatzen naiz lanaldia bukatutakoan marrazten, argazkiak ateratzen eta finean, buruari bueltak ematen".

Komikiari izenburu ematen dion pertsonaia Miyazaki zuzendari japoniarraren (Chihiroren bidaia) pelikula batean agertzen den txorimalo batean oinarritu da. "Hasiera batean fauno bat diseinatzekotan geunden, baina ondoren txorimaloaren irudia etorri zitzaigun burura", zehaztu du Javier Ojuelek.

Marrazkilari donostiarraren azken lanen artean, Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen Chico y Rita animazio-filman izandako parte-hartzea nabarmentzekoa da. Epe labur-ertainera, komiki luze bat, ipuin baten ilustrazioa nahiz Toti Martinez de Lezearen Nur bilduman oinarritutako egokitzapen zinematografikoa (Juanba Berasategiren esku) nabarmendu ditu.

Udakiolak ere ez ditu eskuak geldirik izango. "Komiki luze eta oso polit baten koordinazioan nabil, Aritz Truebaren marrazkiak eta Xabier eta Martin Etxeberria anaien gidoia dituena", aurreratu du. Buyan izenburupean, Mansi tribuko gazte bat du protagonista.