Bilbon bizi diren 800 pertsonak hartu dute parte Gizaker enpresak ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran egindako inkestan. Horren helburua azterlan soziologiko bat egitea izan da, Bilboko Udalak agindutakoa, agintaldiaren erdigunearekin bat etorrita, udaleko hainbat gairen irismena eta ezagutza zein den jakiteko. Aste honetan inkesta horien emaitzak ezagutzera eman ditu Udalak, eta horiekin balantzea egiteko ordua heldu da.

Bilboko udalerriaren irudia

Azterlanaren arabera:

  • Bilborekiko gogobetetasuna, bizitzeko leku gisa, 10etik 7,83koa da. % 72,1ek dio Bilbo eboluzionatzen eta hazten ari dela hiri positibo gisa.
  • Hauengatik nabarmentzen da Bilbo: hiri erosoa, lasaia, polita eta irisgarria da (% 41,2); hiri abegitsua eta jende onekoa da (% 17,2); garraio publiko zerbitzu onak dauzka (% 15,5), garbia da (% 15,1) eta kultura- eta aisialdi-eskaintza ona dauka (% 10,4).
  • Hauek dira arazo nagusiak: segurtasun falta (% 48,8), etxebizitza (% 18,5), turismo gehiegi (% 8,2), immigrazioa (% 6,9) eta aparkalekuak (% 5,8).

Laburbilduz, esan daiteke Bilboko gizarteak uste duela Bilbon erraz mugitzen dela oinez, ondo komunikatuta dagoela garraio publikoaren bidez, aisialdirako, kulturarako eta kirolerako aukerak dauzkala, solidarioa dela, garbia, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duela, enplegua eta aberastasuna sortzen dituela, baina kezkatzeko modukoak dira segurtasunik eza, oinez mugitzeko zailtasuna, saltoki txiki gutxi egotea eta etxebizitza eskuragaitzak egotea.

Hona hemen beste datu batzuk: etxe bakoitzeko batez beste 1,15 auto daude; biztanleriaren % 66,7k garaje-plaza propioa dauka; % 70,8k uste du Euskaditik kanporatu beharko liratekeela delituak berriz egiten dituzten kanpotarrak; % 54k uste du ez dela turismoa oztopatu behar; % 49,9k uste du ez dela gehiegizkoa Bilboko immigrazioaren maila; eta % 93,3k uste du lehentasunez saltoki txikiei lagundu beharko litzaiekeela.

Bilboko proiektuak eta zerbitzuak

  • Obra eta proiektu hauen balorazioa hau da: 7,22 puntu hiribilduko museoetan egindako jarduketak; 6,84 puntu Bilboko kaleak oinezkoentzat jartzea; 6,76 puntu hirigintza-hobekuntzak; eta 6,72 puntu hiria zeharkatzen duen bidegorri berria.
  • Herritarrek jasotzen dituzten udal-zerbitzuei buruzko balorazioa hauxe da: 7,83 puntu garraio publikorako; 7,49 puntu kaleen garbiketarako; 7,23 puntu kulturarako; 7,09 puntu irolerako; 6,62 puntu obra eta zerbitzuetarako; 6,46 puntu gizarte zerbitzuetarako; eta 5,18 puntu herritarren segurtasunerako zerbitzuetarako.
  • Azterlanean parte hartu duten pertsonek adierazi dute Udalak legegintzaldiko azken urte bietan alderdi hauetan zentratu beharko lukeela: segurtasunik eza (% 35,8), etxebizitza (% 24,5) eta aparkalekuak (% 11,4).