Bilbo. Igor Elortza nagusitu zen atzo Legazpin jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketan, 679 puntu erdietsi zituela. Lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi zutenez, Elortzaren ondoren kokatu ziren Beñat Lizaso (643 punturekin), Jokin Uranga (637), Iñigo Mantzizidor Mantxi (632,5), Ainhoa Agirreazaldegi (600,5) eta Oihana Bartra (587).

Atzoko saioan lortutako puntuazioarekin, bertsolari durangarra zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako, datorren azaroaren 10ean Tolosan jokatuko dena. Bertan arituko da Unai Iturriaga eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin batera.

Gauzak horrela, Oionen jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren eta azken kanporaketa, hilaren 26an. Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza izango dira lehian.