Bilbo. Frai Bartolomek "urruna urre, hurrekoa lurre" idatzi zuen. Aurten, ordea, Mendealdeko Kultur Alkarteak hurrekoa ere urre bihurtzea lortu du. Horren erakusle da atzo Kaxildo Alkortak, elkartearen zuzendariak, Bilboko Liburu Azokan jaso zuen Urrezko Luma. Izan ere, azokaren 42. edizio honetan, euskal kultura eta tradiziozko bizkaieraren alde lan egiteagatik honako elkartea saritzea erabaki du Bilboko Liburu Azokak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak.

Liburu Azokaren karpa handian ospatutako ekitaldian, Asier Muniategi (Euskadiko Liburu Azoka koordinatzailea), Kaxildo Alkorta bera, Juan Luis Goikoetxea (Mendebalde Kultur Alkarteko kidea), Josune Ariztondo (Bizkaiko Kultura diputatua) eta Gonzalo Olabarria (Bizkaiko Kultura zuzendaria) izan ziren.

Elkartearen poza adierazi zuen saria jasotzean Alkortak. Ustekabeko saria zela esan zuen; sekula euren eskuetara helduko zen "ilusio ezta esperantzarik" ez dutelako izan. Hori dela eta, orain arte egindako lanaren aitortza izateagatik antolatzaileei eskerrak eman zizkien. Hain zuzen ere, Urrezko Luma aitortza horren "lekukoa" izatea nahiko lukeela esan zuen Josune Ariztondok. Bere esanetan, "euskalkien eta, gure kasuan, bizkaieraren zaintza eta hedatzea" egitea onartu behar zaio Mendebaldeko Kultur Alkarteari.

Alkortak "mendebaldeko euskarak euskara estandarrari eskain-tzeko daukana apurka eskaintzen" saiatzeko lanean jarraituko zutela adierazi zuen. Zentzu horretan, "gauzak ondo egiten" segitzeko asmoarekin arituko zirela azaldu zuen. Goikoetxeak, bere aldetik, bizkaierak desagertzeko eta euskara batuarengatik ordezkatua izateko arriskurik ez duen heinean, elkarteak "eztabaidarako foro, auzolanerako gune eta bizkaieraren lurraldean bizi garen euskaldunon topaleku" izaten jarraituko duela adierazi zuen. Izan ere, euren talde lanerako jokabidea omen, beharrezkoa baita "hiritar askotariko herri txiki honetan".

azoka Urrezko Luma Bilboko Liburu Azokan ematen den saririk garrantzitsuena da eta, orain arte, Txomin Solabarrieta, Pedro Pujana, Ander Manterola, Gotzon Garate eta Andres Urrutia bezalako euskaltzaleek jaso dute, batzuk bere izenean, eta bestetsuk lanean ari diren erakundearen ordezkari legez. Aurten banatu diren sariak honakoak dira: Eduardo Galeanok Kritikaren saria jaso du, Toti Martinez de Lezeak Zilarrezko Luma eta, bihar, Fermin Etxegoieni Zazpi Kale emango zaio Autokarabana eleberriagatik.

Asier Muniategik egun hauetan azpimarratu duenez, edizio honetako salmentak "nahiko ondo doaz" eta badirudi krisiak ez diola min handirik egin Azokari. Balantzea igandetik aurrera egin beharko da, ordea.