Síguenos en redes sociales:

"Zauriak aipatu gabe ez dago benetako literaturarik"

Aspaldiko partez, literaturaz eta politikaz jardun da Joseba Sarrionandia euskal idazle eta iheslaria

Urteak ziren Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) elkarrizketa sakonik eskaintzen ez zuela eta, asteotan, bi euskal hedabidek argitara eman dituzte Euskal Herriko idazle eta iheslariarekin izandako hizketaldien transkripzioa. Alde batetik, sortu berria den hAUSnART aldizkariak -Lapiko Kritikoa Kolektiboaren hedabidea, zelanbait-, bere zerogarren alean, literaturaz, filosofiaz eta politikaz osatutako berbaldi aberatsarekin hezurmamitu ditu orriak eta interneteko beren ataria (http://basque.criticalstew.org/).

Bestalde, ZuZeu albistari digitalak aurtengo urtarrilaren 26an publikatu zuen Sarrionandiari eginiko elkarrizketa murriztuaren bertsio osatu eta osoa eskegi zuen joan den asteko eguaztenean. hAUSnARTen elkarrizketa Gorka Bereziartua eta Andoni Olariaga kazetariek egin badute ere, ZuZeuk argitara emana Marie Darrieussecq idazle baionarrak egindako galdera-erantzunen itzulpena da. Darrieussecq-ek Inrockuptibles aldizkariaren orrietan eskaini zuen lehenbiziko bertsioa eta, gerora, Hasier Etxeberriak eta Iñaki Larrañagak itzuli zuten, frantsesetik, interneten esekitzeko.´

hAUSnART Literaturaz eta, batik bat, bere bibliografia zabalean jorratutako gaiez eta ideiez galdetu egin diote hAUSnARTeko kazetariek. Horretaz aparte, baina, Euskal Herriak, eta munduak oro har, bizi duen egoera sozio-politiko-ekonomikoaz ere egiten du gogoeta Sarrionandiak bi entrebistetan. 2010eko amaieran Moroak gara behelaino artean? saiakera mardula argitaratu zuenak, bizitzak bultzatutako bisai politiko eta filosofikoa agerian utzi du, beste behin ere, elkarrizketa bietan. Baina aldizkari filosofiko euskaldunean baieztatu zuen legez, literaturak, benetazkoa nahi badu, ezin ditu alde batera utzi bizitzako saminak: "Ez dago benetako literaturarik pentsamendu kritikorik gabe. Gauzak adierazteko ezintasun eta obligazio horixe izan da beti literatura".

Hari horri tiraka, gaur egunean literatura iraultzailea egiterik ote dagoen galde egiten diote Bereziartuak eta Olariagak hAUSnARTen: "Literatura normalean iraultzailea da, aldatu nahi ez duenak ez ditu gauzak zalantzan ipintzen", ihardestu die Sarrik, eta hurrengoa gehitu ere: "Dialogo sokratikoaren parte imajinatzen dut literatura. Dogmarik eta legerik gabe, dialogo bat gauzak zertan diren eta zer izan daitezkeen eztabaidatzeko".

Idazleak kaleratu duen aipatu azken saiakeraren inguruan ere, kazetariek bere bibliografian atzeman daitekeen eboluzioaz egiten dute galdera. Poesia eta narratiba jorratzen hasi zen Sarrionandiak, "pentsamendu analitikoago edo prosaikoago" batetara nola egin zuen jauzi eta zergatik itauntzen diote. Ez du, baina, iurretarrak onartzen literatura alde batera utzi duenik kronika-azterketa bezala ere har daitezkeen zenbait lan idatzi izanagatik (aipagarriak, beste batzuen artean, Ni ez naiz hemengoa (Pamiela, 1985), Hitzen ondoeza (Txalaparta, 1997) edota Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010)): "Ez dut uste literaturatik ihes egin dudanik", dio. "Giroa hiper-ideologizatuta zegoela uste nuen, idazten hasi nintzenean, eta euskarazko lengoaia literarioa asmatzeko fikziora egitea egokiagoa zela. Hizkera poetiko eta narratiboa lantzen ahalegindu nintzen, eta gure belaunaldiaren arrakasta bakarretakoa izan da euskal literatura dei daitekeen zerbait sortzea. (...) Baina azken hogei urteotan aldaketa handi batzuk gertatu dira munduan. Botere ekonomiko eta militarrak indartu egin dira, pentsamendu bakarra nagusitzen den artean, desideologizazio harrigarria zabaldu da. (...) Lengoaia poetikoa manipulablea da, eta horrek arduratzen nau. Baina ez dut uste literaturatik ihes egin dudanik. (...) Gainera, (Moroak gara...) liburuko gaia horixe da: hizkuntza eta literatura zer diren botere erlazioen kontestuan. (...) Munduan gaur egun nagusi den botere harremanaz kontzientzia hartzeko ahalegina da saiakera".

Literaturatik hur ala urrunago egon, saiakerak dira aipatu lanak. Horietan, baina, saiakerak idazteko estilo ohikoa alde batera lagata, entseguak idazterako orduko estilo propio horretaz galdetuta, horrela iritzi dio idazleak: "Nik ez dakit nola egin behar den saiakera, baina igoal horixe da gauza, izan behar duen modukoa ez egitea; beste ikuspegi batzuk ikertzea. (...) Ez dago metodo prefabrikaturik. Unibertsitateetan lantzen dena da agian izan behar den moduko saiakera, baina badirudi horrek ez duela ezertarako balio, ez bada titulua lortzeko eta gero autoreak ogibidez estatuaren funtzionario masa osatzeko. (...) Euskal unibertsitatean (...) pentsamendua burokratizatu egiten da; zer eragin du gero gizartean hor egiten den lan intelektual guztiak?".

'euskal afera' Letren munduaz gaindi, Sarrionandiaren literaturan maiz jorratzen den euskal afera barruan englobatu daitekeen hainbat gaietaz ere galdetu egin diote kazetariek. Darrieussecq-eri erantzunez, euskalduntasunaren inguruko hurrengo gogeta egin zuen idazleak (Inrockuptibles aldizkarian frantsesez eta ZuZeun euskaraz irakurri daitekena): "Euskalduna izatea ez da gizaki izateko beste modu bat besterik. Frantziarra izatea bezala. Txekiarra izan zaitezke, homosexuala, suhiltzailea, asmaduna (...). Eta noski gure herria plurala dela eta askotariko ikuspuntuak daudela; horregatik beragatik eskatzen dugu guk nahi duguna izateko eskubidea. (...) Bada esaten duenik euskalduna izateagatik ezberdina zarela. Alderantziz adieraztea arrazoizkoagoa dela uste dut: euskaldun izateak besteak bezalako egiten zaitu. (...) Arazoa hasten da modu batera edo bestera eragotzi edo euskaldun izatea mugatzen dizutenean. Niretzat, eta baita beste euskaldun askorentzat ere, derrigorrez espainiar izatea traumatikoa izan da eta horren aurka errebelatu gara. (...) Nik ez dut era behartu horretan espainiar izan nahi".

Espainia eta Frantziarekin Euskal Herriak eta euskal herritarrek (euskaldun zein erdaldun) duten erlazioaz mintzatu aurretik baina, saihestu ezinezko iheslariaren etakide garaiei buruz galdetuta eman zion hasiera elkarrizketari baionarrak: "Zer diozu gaur armak eskutan hartzeari buruz?", galdetu zion; eta zuzen, argi eta, batez ere, hogeita hamar urtetako hausnarketaren patsada zerien esaldiekin erantzun zion Sarrionandiak: "Armak hartu ditut, bai. ETAkoa ez banintz Espainiako Armadakoa nintzatekeen, izan ere, soldaduska derrigorrezkoa zen. Gutxienez hori saihestea lortu nuen. (...) Hala eta guztiz ere, armak soinean hartzea ezin da era abstraktuan epaitu. Nazien aurkako erresistentzian dagoena, Argeliara 1957an bidalitako soldadu frantziarra, okupazio indarren aurka egitea erabakitzen duen afganiarra. Bada Yaki indioen esaera bat hala dioena: norbait epaitu aurretik haren sandaliekin ibili behar zara bi astez". Honekin batera, biolentziaren eta heriotzak eragitearen inguruko gogoeta zorrotza egin zuen ere, eta ez zen armen erabileraren inguruko gogoetari izkintxo egiten saiatu: "Armak, izatez, hondamendia iruditzen zaizkit. Atzera bueltarik ez duenarekin jolasten da armekin. Armak ez dira objektu neutroak, aldez aurretik hartutako erabakiak dira".

Amaitzeko, ETAren su etenaren inguruan ere hausnartu izan du idazleak elkarrizketotan, Guardia Zibilak bake prozesuan duen zeresana ahantzi barik. hAUSnART aldizkariak ezagutzera eman zituen baieztapenak dira hurrengoak: "Badirudi ETAk armak uzteko pausuak eman dituela azkenean. Guardia Zibilak, ostera, ez du borroka armatua uzteko eztabaidarik planteatzeko asmorik ere azaldu. Aipagarria iruditzen zait detaile hori. Biolentziaten monopolioa dute jadanik. (...) Ikusiko dugu zer demokrazia klase dugun Espainian". Estatu espainiar eta frantsesak mintzagai, ezinbesteko gaia agertu zen entrebistan: asmakizuna ote da Euskal Herria? Argi du Sarrik: "Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa (...) Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea, hori bai dela argudio aldrebesa. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer, faltsua da ala?".