TANGERKO (Maroko) Medinako Zoko Txikian orduak eta orduak pasa ditu Jon Arretxe idazle bizkaitarrak bere azkeneko liburua imajinatzen. "Mila kafe eta te" hartu ditu bertako terrazetan, "denbora pasatzen utzi eta jendeari begira". Eta gauza bera egin du Nagien Begiratokia deituriko malekoian. Han, Gibraltarreko Itsasartea eta Espainiako lurrak begiztatu daitezkeen mutur hartan, ezagutu ditu Europara joan nahi duten afrikarrak, azpijokoan dabiltzan iruzurgileak eta bestelako hainbat pertsona bitxi.

Inguru aparteko horietan ikusi eta antzeman duen errealitatean oinarritu da Arretxe Tangerko ametsak nobela beltza idazteko. Genero hori lantzen duen zazpigarren titulua da eta, Xahmaran eleberrian egin zuen moduan, "hilketak eta misterioa" bezalako osagaiez gain, "lekuko koloreak" transmititzen saiatu da. Erein argitaletxeak kaleratu du liburua Uzta gorria bilduman, baita gaztelaniazko bertsioa ere -Cristina Fernandezek itzuli du-.

"Tangerrera patuak eraman ninduen", gogoratu zuen atzo Jon Arretxek (Basauri, 1963), Donostian egindako aurkezpenean. Nobela beltz baterako "oso kokaleku egokia" topatu zuen han. Izan ere, idazleak aipatu zuenez, oso historia "aberatsa" du Marokoko gune enblematiko horrek. "Hiri musulmana da, baina beti egon da Europara irekia. Artisten babesleku, aberatsen parrandaleku... Horrek guztiak giro berezia eman dio", argitu zuen. Medina zaharreko "kale estu eta laberintikoak" eta alderdi modernoko "casino, hotel, diskoteka eta portua" ere aipatu zituen, besteak beste.

Kontrastez betetako testuinguru hori, baita ere, Espainiara iritsi nahi duten "pateren abiapuntu nagusia" da. "Ondorioz, Tanger ia-ia kartzela bihurtu da milaka afrikar beltzentzat. Porrot egin dutelako eta erdi arlote bezala bizitzera behartuta daudelako", azaldu zuen.

Tangerko ametsak liburuko protagonistetako bat, hain justu, Moussa gaztea da, Malin familia utzi eta Europara iristeko azken saiakera egin nahi duen gizona. Beste pertsonaia nagusietako bat Fatima da; familiak arbuiatuta Marokoko Atlasetik ihes egin ondoren, prostituzioa ogibide duen emakumea. Azken protagonista, berriz, eguneko azken ferryan Tangerra iritsi eta medinarantz abiatzen den ezezaguna. Han topo egingo dute hiruen bideek. Autoreak laburbildu zuenez, "hilketak, misterioa, miseriak, ustelkeria, mafiak, maistasun istorioak eta bizirik irauteko borroka" batzen ditu eleberriak, nobela beltzetako osagai guztiak, alegia.

maroko eta mali

Lekua ezagutzearen garrantzia

Maroko bakarrik ez, Bamako (Mali) ere hartu du kontakizunaren kokaleku bezala Arretxek. Ongi ezagutzen duen hiria baita, hori ere. Orain dela 20 urte egindako bidaia batean ezagutu zuen familia batekin kontaktua berreskuratu, eta bertara itzuli da orain dela gutxi idazle bizkaitarra. Bertako biztanleen bizimodua gertutik ezagutu du.

Liburu bat idazteko garaian "garrantzitsua da", Arretxeren ustez, "lekua ezagutzea". Hori da basauritarraren lanen oinarrietako bat. Tangerren ere gauza bera egin zuen, jakinarazi zuenez. "Medinako ostatu batean" denboraldi luze bat pasatu zuen atzo aurkeztutako eleberria osatzen. Egiten dituen bidaietan "jendearen bila" joaten dela gaineratu zuen Basauriko idazleak.