Bilbao
Profesionaltasuna ezezik, intuizioa ere behar da txakur baten izaera antzemateko eta koadro batean islatzeko. Hala uste du Francis de Blas margolariak (Bilbo, 1960), zeinak Madrileko Eboli arte-aretoan Txakur-erretratuak erakusketa aurkeztu izan du oraintsu arte.
Jeneral baten antza duen dobermana, Chanel-ez dotore jantzita dagoen txakur-emea edota XVI. mendeko jauntxo baten janzkeraz ageri den kumea dira artista honen erretratatuak, besteak beste. Hasiera batean denbora-pasa hutsa zirudiena, egun pintura-mota arrakastatsua bilakatu da. "Lehenengo koadroetan maskotak ez ziren protagonistak, eszena oso baten partaideak baizik -zehazten du bilbotarrak-, baina adiskideek proposaturik hasi nintzen animalien erretratuak egiten eta, aldi berean, antzinako janzkerekin uztartu nuen".
Izan ere, antzinako pintura da artista honen zaletasunik gogokoena, eta txakurren karakterizazio lanak XVI-XVIII. mende bitarteko "unibertsoan murgiltzea" ahalbidetzen du. Honela bada, hainbat katalogo kontsultatzen ditu eta museoetara jotzen du inspirazio bila. Txakur bakoitzari hoberen dagokion jantzia aurki-tzea funtsezkoa da. Zioa? De Blasek berak argitzen du: "Janzkerak txakurraren izaera nabarmentzen lagunduko du, hortaz, jarrera lotsatia edo handiputza duen arabera hautatuko dut arropa bat ala beste". Aspaldiko jantziez gain, antzinako maisuen teknikak ere aplikatzen ditu bere obretan, ehundura eta kalitate aberatsak lortuz. "Txakurra koadrotik irteten dela dirudi!", baieztatzen du suspertuta.
interneten garaia Artistak ez du modeloa zertan aurrean izan honen zirriborroa egiteko. "Jakina, pertsonekin gertatzen den lez, txakurra ezagutzen badut ñabardura gehiago hautemango ditut -azaltzen du-, baina ohikoena da emailez jasotzea maskotari buruzko datuak eta argazkiak, atzerriko aginduak ere baitauzkat". Sortze-prozesuak hilabete bat irauten du gutxienez, baina emaitzak merezi du arduraldia. Artistak dioenez, jabeak hunkitu egiten dira euren maskoten erretratua aurrean dutenean. "Bitxia bada ere, pertsonen artean ager-tzen ez diren sentimenduak azaldu ohi dira erretratu hauetan. Maskota eta jabearen arteko harremana oso berezia da", adierazten du egileak. Bestalde, Eboli arte-aretoko arduradun den Amalia Fernándezek gustuko du erretratuen "kutsu ironikoa". Margolanen berri izan bezain pronto, bere galerian aurkezteko proposamena egin zion bilbotarrari, eta hantxe izan dira bere lanak urtarrilaren 18a arte. "Tamalez, enkarguz lan egiten dudanez gehienbat, horrek eragin du oso obra gutxi izatea erakusgarri", aitortzen du De Blasek.
Hala ere, bilduma txiki bat osa-tzea lortu zuen eta abenduaren 17an egin zen inaugurazioa. "Galeria jendez gainezka zegoen -gogoratzen du Fernandezek-, oso harrera ona izan du lan guztiak eta dagoeneko hainbat koadro saldu egin dira". 500 eta 2.500 euro bitartean saltzen dira, eta artistak dioenez bildumazaleek jada ez dituzte koadroak erosten bere maskota agertzen delako, artelanaz beraz gozatzea gura dutelako baizik. Gauzak horrela, bere lanbidearekin "izugarri" disfrutatzen duela esatea ez da harritzekoa.
alde zaharra berrituz 1999 urtetik Madrileko Letren auzoan bizi den arren, Bilbon du sorlekua Blasek. Bere marrazkiak eta komikiak kaleratzeko asmoz Neo Ama de Kass fanzinea argitaratzeari ekin zion. Lagunek eta inguruko ezagunek ere bere ekarpena egin zuten. Alta, 1983ko uholdeek publizitatea geldiarazi zuten eta egitasmoak porrot egin zuen. Edonola ere, ezbeharrak beste ekimen bati bide eman zion: Ronda kaleko Gaueko tabernaren eraberritzea, hain zuzen. Javier Urquijorekin batera (Mariví Bilbao aktorearen senarra zena) WC erraldoi baten gisara atondu zuten aretoa, komunez eta losaz betea. Kontzertuak, moda desfileak, festak... 80ko hamarkada bere unerik gorenean zela, sormena nonahi omen zen. "Garai xelebrea izan zen hura -oroitzen da margolaria-, mugimendu artistiko handikoa, alegia".
Hala ere, "gauaren izaera neke-tsuaz" ohartuta, marrazteari ekin zion. Bizkaiko hainbat lehiaketa irabazi ostean, Parisera alde egin eta bertan hamar urte eman zituen, Louvreko museoan antzinako maisuen teknikak ikasiz. Aldi horretakoak dira Bizkaiko Foru Aldundiak agindutako Bizkaitar Gorenen bilduma edota Picassoren iloba den Diana Widmaieri egindako erretratu ederra.
Etorkizunari begira baditu edozenbat egitasmo buruan, eta Bilbon erakusketa berri bat antolatzeko asmoa ere agertu du. "Galeristak, hemen nauzue!", egiten du deiadar artistak Madrilgo bere habiatik.