donostia. Biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak eta ikerketak bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika beka (idazle debarraren omenez). Aurten Mikel Gartzia izan da irabazlea. Hainbat hedabidetan aritu ostean 2004tik aurrera Argian dihardu. Duela lau urte Rikardo Arregi saria irabazi zuen kazetari berrientzako atalean eta iaz Bilboko Udalak antolaturiko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa.
Zelan aurkeztu zinen bekara?
Bekaren deialdia iritsi zen Argiako kazetarion eskuetara eta kazetaritza proiektu hau aurrera ateratzeko aukera zela pentsatu nuen. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen lana da eta beraz beka lagungarria izango zela iruditu zitzaidan. Gainera, motibazio bat ere bada buruan nuen asmoa gauzatzeko.
Zergatik aukeratu duzu hain gai bitxia?
Ez dut uste gai bitxia denik, zinemaren inguruan hausnartu izan da lehenago ere, baina aukera interesgarria da pelikularen batekin edo euren estilo pertsonal eta bereziarekin Euskal Herriko zinemaren historian arrastoa utzi duten zuzendariei hitza eta protagonismoa emateko, eta gure zinemagintzaren (eta beraz, kulturaren) zati diren film horiek biltzeko.
Zinea gustatzen zaizu? Zein pelikula mota?
Zinema gustuko dut, bai. Batez ere Argian afizionatu naiz, zinemari lotutako erreportajeak, elkarrizketak eta kritikak eginez, geroz eta gehiago murgildu naizelako mundu horretan. Ez dut genero kutunik, egun batzuetan barre egiteko asmoz sartzen naiz zinema-aretora, bestetan aldiz hausnartu araziko nauen lanen bat bilatzen dut? baina suspentseko pelikulek oro har erakartzen naute.
Zergatik aukeratu dituzu zuzendari hauek (Taberna, Uribe, Berasategi, Armendariz, etab.)?
Zuzendariak, lehen aipatu bezala, aukeratu ditut beren lanak gure kulturan izan duten eraginagatik edo historiarako utzi duten ondareagatik. Aipatu dituzun zuzendari horien filmen artean daude, adibidez, Ama Lur, Yoyes, Mikelen heriotza, Burgosko prozesua, Behiak, Euskal pilota. Larrua harriaren kontra, Tasio, 27 ordu edota El espíritu de la colmena.
Zure ustez zein izan da pelikula hauen arrastorik inportantena, pelikula batzuen arrastoa, behin- tzat?
Pelikula bakoitzak arrasto desberdina utzi zuen, kaleratu zen une eta testuinguru zehatz horretan: jorratutako gaiagatik, mundu ikuskeragatik, hizkuntzagatik, teknikagatik?
Sorpresaren batekin topatuko zarela uste duzu?
Auskalo. Lana egiteko dago eta beraz dena da behin-behinekoa, gehiago dokumentatu eta zuzendariekin hitz egin ahala joango da dena osatzen. Elkarrizketa batzuek beste batzuek baino joko gehiago emango dute agian.
Nola antolatuko duzu hain lan sakona?
Lehenbailehen hasiz, kar, kar, kar. Gogoz nago eta beraz, ea gogor heltzen diodan proiektuari eta epe zehatzak finkatzen ditudan.
Etorkizunean zertan aritzea gustatuko litzaizuke? Zinemarekin zerikusia duen zerbaitekin? Iker- tzen?
Kazetaritzari lotuta jarraitzea gustatuko litzaidake, oso gustuko baitut eta aukera ematen didalako mota guztietako gaiak jorratzeko eta pertsonaia interesgarri ugari elkarrizketatzeko. Zinema mundua ere ez dut baztertu nahi, baina kazetari moduan, beti ere.